Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) antolatutako Kultur programaren 28. edizioak kultura eskaintza zabala ekarri du eta ekarriko du aurten ere gure eskualdera. Bertizen Argako erreginari buruzko erakusketa-proposamen berezi bat dute abuztuaren 31ra bitarte eta bertze jarduera osagarri batzuk. Hain zuzen, uztailaren 30ean, igandean 18:00etan Bertizko jauregiaren patioan Argako Erregina ikuskizun saritua eskainiko dute euskaraz, publiko guztiarentzat.
Argako Erregina antzezlana
Antzerki ikuskizun dibertigarria, historikoa, gertukoa, arte eta teknika ezberdinak uztartzen dituena, hala nola narrazioa, interpretazioa, objektuen antzerkia, ilusionismoa, arte plastikoak eta zirkua espresuki sortutako musika eta soinuarekin, non zuzeneko ahotsa ere dagoen. Pop up teknikarekin sortutako eszena zabalgarriak, argi-kartelak… Zirkuko arteen historiaz eta funanbulismoa bezalako teknikez hitz egiten digun lan delikatua, batez ere Remigia Echarren Argako erreginaz hitz egiten diguna.