Kantu zaharren bazkaria eginen dute uztailaren 15ean Legasan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 5a, 18:00
Legasako Santa Leokadia ermitan izanen da kantu bazkaria. Argazkia: Irantzu Pastor.

Uztailaren 15ean Legasako Leokadia ermitan kantu zaharren bazkaria eginen dute. Angel Mariezkurrena izanen dute dinamizatzaile eta Frantzisko Santxotena eta Aitor Ibarra musikariek ere parte hartuko dute. Bazkarira joan nahi dutunek uztailaren 9a baino lehen izena eman beharko dute.

Kantu zaharrak maite dituenak horretarako hitzordu aproposa izanen du uztailaren 15ean Legasan; zehazki, Leokadia ermitan. 14:00etan bazkaltzeko bilduko dira eta bertaratutakoek 20:00 aldera arte kantatzeko aukera izanen dute. Egun horretan Angel Mariezkurrena ariko da dinamizatzaile lanetan eta eskarmentu handiko bi musikari izanen ditu ondoan: Iruritako Frantzisko Santxotena eta Sunbillako Aitor Ibarra.

Bazkaria Doneztebeko Santamaria jatetxeko langileek zerbitzatuko dute ermitan bertan eta menua hau izanen dela aitzinatu dute: urdaiazpiko iberikoa, entsalada mistoa, frijituak,  ajoarrieroa, txipiroiak tintan, txuleta, postre dastaketa, kafea eta konbinatua. Otorduaren prezioa 45 eurokoa izanen da eta nahi duenak, bertakoa edo kanpokoa izan, izena emateko aukera izanen du. Apuntatzeko epea uztailaren 9ra arte izanen da eta eskura edo Bizum bidez ordaintzen ahal izanen du.

Izena emateko hiru telefono hauetako batera deitu edo idatzi behar da: 659 61 32 40, 628 62 40 69 edo 654 09 05 78.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun