Argako erreginari buruzko erakusketa Bertizen ikusgai izanen da uztailaren 3tik abuztuaren 31ra

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 30a, 18:00

Remigia Echarren funanbulistaren inguruan osatutako Argako Erregina erakusketa ikusgai izanen da Bertizen uztailean eta abuztuan, bertze zenbait jarduera osagarrirekin batera.

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) antolatutako Kultur programaren 28. edizioak kultura eskaintza zabala ekarriko du aurten ere gure eskualdera. Bertizen Argako erreginari buruzko erakusketa-proposamen berezi bat eta bertze jarduera osagarri batzuk izanen dituzte eta musika Donamariara, Zugarramurdira, Berara, Lesakara eta Elizondora ailegatuko da.

Edizio berriak erakusketa, arte eta partaidetza arloen artean hibridatzen duen proposamen bat dakar, Remigia Echarren Aranguren funanbulista iruindarraren inguruan, soka gainean balentria nabarmenak egin zituen artista ausarta.

Erakusketa Bertizko Lorategi Historiko-Artistikoan izanen da uztailaren 3tik abuztuaren 31ra, Estefania de Paz artistaren Argako erregina izenburupean. Uztailaren 3an, astelehenean 12:00etan eginen dute aurkezpena Bertizen.

Jarduera osagarriak

Erakusketa hainbat jarduerarekin osatzen da, hala nola Garazi Pascual paregabeko funanbulistaren emanaldia uztailaren 9an eta abuztuaren 6an, 18:00etan eta 18:30ean; uztailaren 16an, 12:00etan trapuzko funanbulista panpina bat sortzeko tailerra, Tea en la Azoteako Gabriela Barrio oihal-artistaren eskutik; Argako Erregina eta La reina del Arga ikuskizun saritua uztailaren 30ean (euskaraz) eta abuztuaren 20an (gaztelaniaz), 18:00etan Bertizko Jauregiaren patioan; Tximeletek, burruntziek eta txoriek… Remigia agurtzen dute tailerra abuztuaren 13an, 12:00etan Bertizko erakusketa aretoan, Tea en la Azoteako Gabriela Barrio oihal-artistaren eskutik eta Remigia Echarrenen historia sortu zure pop up albumean tailerra abuztuaren 27an, 12:00etan, Bertizko erakusketa aretoan, paper cut teknikan aditua den Mila Garcia irudigilearen eskutik.

Remigia Echarren

1853an Iruñean jaioa, Remigia Echarren Aranguren emakume aparta, funanbulista, artista, ausarta eta adoretsua izan zen, soka baten gainean ibiliz, Europako hiri aunitzetan gaur egun leku enblematikoak direnak zeharkatu zituena. 1921ean hil zen bere jaioterrian. Ezaguna baino gehiago aipatua den emakumea, kondaira bat belaunaldiz belaunaldi zabaldu duena, ahozko tradizioari, anekdotari eta bere balentrien berri ematen duten zenbait dokumenturi esker.

Estefanía de Pazek bere bizitzan, desioetan eta lorpenetan sakondu nahi izan du, eta erakusketa honetan irudi eta objektu ugari bildu ditu, puzzle baten pieza gisa Remigia Echarrenen istorioa birsortzeko aukera ematen dutenak, Estefanía de Pazek haren inguruan eraikitzen duen iruditeriarekin eta Gorka Pastorrek bertze garai batean murgilduko zaituen soinu-banda propio batekin konbinatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun