Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko dute Bertizen ere ekainaren 3tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 1a, 17:00
Bertizko natur parkeak hainbat jarduera hartuko ditu asteburuan.

Aurtengo jardunaldiaren helburua herritarrak plastikoek sortutako kutsaduraren inguruan sentsibilizatzea da

Bertizko Jaurerria Parke Naturalak bat eginen du datorren ekainaren 5ean Nazio Batuek bultzatutako 2023ko Ingurumenaren Munduko Egunarekin, ‘Plastikoengatiko kutsadurarik gabe’ lelopean.

Horretarako, ekainaren 3tik aitzinera hasiko diren hainbat jarduera antolatu ditu, plastikoengatiko kutsadurari bukaera emanen dioten irtenbideak ezartzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko, ekintza kolektiboaren bidez.

Ekainaren 3an, larunbatean, Unidos contra la basuraleza izeneko erakusketa zabalduko da Bertizen. Ekainaren 30era bitarte ikusgai izanen da Bidasoa ibaia aretoab. Gizakiak sortu eta naturan uzten dituen zaborren inguruko erakusketa da. Basuraleza izendapena SEO/Birdlife erakundeak sortu zuen Ecoembesekin batera, Libera proiektuaren barrenean, eta natur eremuak zaborrik gabe mantentzeko kontzientziatzea eta mobilizatzea du helburu. Ekainaren 4an, igandean, erakusketara sartzea doakoa izanen da.

Egun berean, ekainaren 4an, igandean 11:00etatik 14:00etara Plastikeria ekimena izanen da Natur Parkean, doako sarrerarekin. Iruñerriko Mankomunitatearen instalazioa da, plastikoaren eguneroko kontaminazioaz kontzientziatzeko eta bere erabilera murrizteaz kontzientziatzeko. Plastikeria Bertizera ailegatuko da ,«Nafarroako ibaietako plastikorik freskoenarekin».

Modu berean, igandean 11:30etik 13:00etara Bidasoa ibaia: ingurumenean duen balioa eta kontserbazioaren garrantzia jarduera eginen dute Bidasoaldeko basozainek. Bisita gidatu honetan Bidasoa ibaiaren egoeraren berri emanen dute. Plaza mugatuak dira eta lehenagotik izena eman behar da, cinberti@navarra.es helbide elektronikora idatziz edo 948 59 24 21 telefonora deituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun