Xabier Grajirena Ariztegi

«Automobilismoan elkarri laguntzeko giro ona izaten dugu eskualdean»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 16a, 08:00
Grajirena martxoaren 11n egin zen Doneztebeko IV. Slalomean. Peli AVM

Legasako motorzale gaztea da Xabier Grajirena Ariztegi. Ttikitatik gustuko izan ditu kotxeak, eta hainbat slalometan parte hartu izan du

Nola definituko zenuke zeure burua?

Urte aunitzetan ofizioz eta betitik afizioz kotxeen mundua gustuko duen mutil legasarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Motorraren mundua gehienbat, baino lagun artean otordu eder bat egitea ere ez da plan txarra!

Nondik heldu zaizu afizioa?

Ttikitatik eman dit atentzioa, aitak ere gustuko du eta zer ikusi, hura ikasi.

Eta noiz hasi zinen automobilismoan?

Lehenbiziko slaloma 2018an egin nuen Donezteben. Ordura arte, Miranda de Ebroko zirkuituan ibiltzen ginen. Lagunarteko beroaldi batean hasi zen dena.

Zein modalitatean parte hartu izan duzu?

Bere garaian 4x4etan zerbait ibili ginen, baina gehiena slalomak egin ditut… momentuz!

Erabilitako ibilgailuen artean zein duzu gustukoena?

Egia erran, kotxe mordoxka pasatu ditut esku artetik… baina bat aukeratzekotan, BMW E30arekin gelditzen naiz. Buruko min aunitz eman dizkit baina aldi berean kotxe hagitz dibertigarria da.

Doneztebeko IV. Slalomean parte hartu zenuen martxoaren 11n. Nolako esperientzia izan zen?

Gustura ibili ginen, denborak ez zuen aunitzik lagundu baina lagun artean egun ederra pasatu genuen eta kotxea osorik ekarri genuen etxera… hori da inportanteena!

Eskualdean zaletasun haundia ikusten duzu?

Azken urteotan bai, eta gustua ematen du hainbat modalitate antolatzeko orduan elkarri laguntzeko dagoen giro ona.

Kotxearekin betetzea gustatuko litzaizukeen helburu edo ametsik?

Egia erran helburu asko ditut, baina bat aukeratzekotan, BMW zaharrarekin Alemaniako Nürburgring zirkuitura joatea izanen litzateke nire ametsik haundiena.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Momentuz, Nafarroako slalom txapelketa osoa egin nahiko nuke… kotxeak irauten badu!

Eta epe luzera?

Epe luzera, orain arte bezala gure zaletasun honekin lagun artean eta urte askoz disfrutatzen segitzea gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun