Nafarroako Bertso Negulekuak Legasan eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 15:00

Azken urteetako ohiturari eutsiz, herrialdeko Bertso Eskoletako gazteentzako egonaldia antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak Legasan. 

Bi txandatan izango dira Nafarroako Bertso Negulekuak, ikasmailaren arabera bereiziak: LHko ikasleek abenduaren 27tik 28ra gozatuko dute egonaldiaz, eta DBHkoek 28tik 29ra. Bi txandak Legasako Kattalin aterpetxera joanen dira eta Nafarroako Bertso Eskoletako irakasleak ariko dira begirale. 

Hainbat helburu ditu egitasmoak. Bereziki, herrialdeko Bertso Eskoletan dabiltzan gazteen arteko harremanak bultzatu eta elkar ezagutzan sakontzea da xede nagusia. Horrekin batera, bertsolaritza eskolako logikatik atera eta aisialdiko eremura eramatea ere bada Negulekuen helburuetako bat. Norabide horretan, bi txandetarako egitarau oparoa antolatu du elkarteak.

Izena emateko epea azaroaren 21etik abenduaren 2ra egonen da zabalik, eta ondoko galdetegia bete beharko da horretarako. 30 euro balio du egonaldiak. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun