Beirari buruzko erakusketa tematikoa ireki dute gaur Bertizen

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 7a, 19:00
Nafarroako beirateen bildumarik onenetako bat duelako aukeratu dute Bertiz erakusketarako.

Nafarroak bat egin du Beiraren Nazioarteko Urtearen ospakizunekin eta urriaren 30a arte

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeak, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, A la forma de Venezia (Veneziako modura) erakusketa inauguratu du gaur Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean, NBEk bultzatutako 2022ko Beiraren Nazioarteko Urtea ospatzeko programaren barrenean. Erakusketa urriaren 30a bitartean zabalik izanen da.

Gaur goizean Bertizen egindako inaugurazioan izan dira Ignacio Apeztegia, Kulturako zuzendari nagusia, eta Pablo Muñoz, Ingurumeneko zuzendari nagusia. «Horrelako ospakizun bat material batekin lotzen den lehen aldia da», azaldu dute Ondare Historikotik. Alicia Durán doktoreak, CSICeko fisikari eta ikertzaileak, bultzatutako ekimenak 90 herrialde eta 2.000 erakunde baino gehiagoren laguntza izan zuen beira «aurrerapenaren, jasangarritasunaren, osasunaren eta gardentasunaren ikono» gisa onartzeko. Honela, NBEren Batzar Orokorrak, 2022an Beiraren Nazioarteko Urtea ospatzeko oniritzia eman zuen, «material %100 birziklagarri horrek zibilizazioari ekarri dion guztiagatik».

Nafarroako Gobernuko ordezkariak, erakusketako koordinatzaile eta arduradunekin batera, gaur goizean Bertizen egindako inaugurazioan.

 

Jesus Sesmak koordinatuko erakusketa doan bisitatu daiteke urriaren 30a arte Bertizko Jauregiko eta Kaperako erakusketa aretoan. XIX. eta XX. mendeetako beira puztuko 42 pieza biltzen ditu, Muranoko beiraren tradizioaren eta gaur egungo beiraren artean duen eraginaren adibide direnak. Erakusketaren ordutegia: 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Urriaren 13tik aitzinera, arratsaldeko ordutegia 16:00etatik 18:00etara aldatuko da.

 

Bisita gidatuak irailaren 24an

Gainera, doako bisita gidatuak eginen dira, elebidunak. Parkean zehar ibilaldia eginen dute, erakusketa eta markesinako beirateak barne, 11:00etan (gaztelaniaz) eta 17:00etan (euskaraz), irailaren 24an, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien barrenean.

Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak nabarmendu duenez, Bertizko Jaurerriko Natur Parkea aukeratzeko arrazoia «Nafarroako beirateen bildumarik onenetako bat duela» izan da eta «espazio berezia dela, natur eta ondare balioa duelako».

 

Bertze jarduerak

Bertze aldetik, Beiraren Urtearen inguruko ekimenen artean, La luz de Bertiz/Bertizko argia liburuxka argitaratu dute. Liburuxkan, Lorategiko markesinaren beirate modernistak zaharberritzeko 2011. urtean egindako azterketei buruzko informazioa erraz jasotzen da. «Zalantzarik gabe, parkeko bitxietako batez gozatzen lagunduko dio bisitariari, eta, QR baten bidez, Bertizek duen beira-bildumari buruz gehiago jakiteko aukera emanen dio», azaldu dute antolatzaileek.

Urriaren 2an, igandea, 11:00etan, Violeta Romerok, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zaharberritzaileak, Beirate bat zaharberritzea hitzaldia emanen du Erriberriko San Pedro elizan.

Azkenik, urriaren 4an, Iruñean, beira puztuaren erakustaldia eginen du Diego Rodríguezek (Real Fábrica de Cristal de La Granja).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun