25 gaztek parte hartu dute Bertizen ingurumen-boluntariotzako auzolandegietan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 7a, 10:00
Bertizen hainbat lan egin dituzte gazteek, tartean lorategiko zubiak margotu.

Uztailaren 16tik 30era izan dira eta orain Urbasan egokitzapen-lanak egiten dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak bultzatutako egonaldietan

Hamaika autonomia erkidegotako 15 eta 24 urte arteko 50 gazte ingurune naturala egokitzeko lanak egiten ari dira uda honetan boluntariotzako ingurumen-auzolandegietan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bultzatuta eta Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak batera finantzatuta. Uztailaren 16tik 30era, Andaluzia, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Madrilgo Komunitatea, Valentziako Erkidegoa, Murtzia eta Nafarroako  25 gaztek hartu zuten parte, konponketa-lanak eginez Bertizko Jaurerriko hainbat eremutan, tartean, lorategi historiko-artistikoa, lorategi botanikoa, harrera-gunea eta hainbat bidexka.

Bertzalde, 25 gaztek osatutako beste talde bat egokitzapen-lanak egiten ari da pasa den astelehenean hasita eta abuztuaren 15era bitarte, Urbasa Andiako Parke Naturalean. 15 eta 17 urte arteko gazteak dira, Andaluzia, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madrilgo Komunitatea, Valentziako Erkidegoa eta Nafarroakoak.

Ingurumenarekiko sentsibilizazioa

Gune horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Nafarroa osoan uda honetan bultzatzen dituen sei boluntariotza-auzolandegietako bi dira, eta Institutuak Kultura, Ingurumen eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusien lankidetza du.

Zehazki, Bertizko Jaurerriko Auzolandegian, mantentze- eta egokitze-lanak egin dira eta, horiekin batera, bertze hauek ere bai: bideak eta atsedenlekuak garbitu eta sasiak moztea, heskaiak inaustea, landare exotiko inbaditzaileak kentzea, hesiak eta altzariak eta itxiturak garbitu eta margotzea eta segurtasun-hesiaren mantentze-lanak.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun