Mikel Belaskoainen ‘Lilura-Olerki magikoak’ erakusketa ikusgai paratuko dute Bertizen

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 29a, 18:00
Bertizko lorategian ere hainbat artelan ikusgai paratuko dituzte.

Kultur 2022 programaren barrenean uztailaren 1etik abuztuaren 31ra izanen da natur parkeko hainbat gunetan

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatua, Kultur programaren 27. edizioa ekainaren 25etik irailaren 11ra bitartean eginen da, Nafarroako 40 herritan eta leku berezitan. Eskualdeari dagokionez, Bertizen abiatuko da, olerkiak, pintura eta eskultura batzen dituen erakusketa batekin. Hain zuzen, Bertizko Lorategi Botanikoak, proiekzio-aretoak eta erakusketa-aretoak Mikel Belaskoain artistaren Lilura-Olerki magikoak erakusketa erakutsiko dute uztailaren 1etik abuztuaren 31ra.

2022an, proiektu artistikoak garatzeko plataforma eta sorkuntza-fabrika den Arte Berriko Fabrikaren hamar urteko ibilbidearekin bat eginez, koloreari, poesia bisualari eta magiari lotutako hamabortz azalpen-puntu jarriko dituzte, Bertizko naturarekin eta haren espazioekin bat eginez. Lilurak bere baitan biltzen dituen harridura, ilusioa eta xarma sortu nahi dira. Erakusketa proiektu honek hamarkada honetan bidelagun izan duten energia laburtu nahi du; eta energia hori opari gisa agertuko zaie uda honetan Bertiz bisitatzen duten pertsonei. Erakusketan pintura, eskultura, musika, argazkiak eta zinema izanen dira aukeran, lorategietan, erakusketa aretoan eta Bertizko proiekzio aretoan banatuta.

Egunero, 17:30etik 18:00etara Luna negra filma proiektatuko dute. Abuztuan bisita gidatuak eskainiko dituzte eta abuztuaren 4an eta 25ean, ortzegunak 17:30ean, Holly Mirandaren emanaldia. Un bosque eskulturen musikaren konpositorea da Miranda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun