NaturClima mugaz gaindiko proiektua akitzeko Bertiz parke naturalean jarduketak eginen dira, klima-aldaketara hobe egokitzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 07:30
Asteartean egin zuten Iruñean NaturClima egitasmoko azken mintegia.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak bultzatuta, 2019tik espezie inbaditzaileak desagerrarazteko lan egin da, fauna eta flora aztertu eta zerbitzuak eta azpiegiturak hobetu

Interreg POCTEFA NaturClima mugaz gaindiko proiektuaren azken mintegia egin zen maiatzaren 17an, astearte goizean, Iruñean. 2019an hasi zen, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren gidaritzapean, Pirinioen bi aldeetako naturguneak kudeatzeaz eta gobernatzeaz arduratzen diren erakundeen arteko lankidetza areagotzeko helburuarekin, klima-aldaketara hobeto egokitzeko, sustatzeko eta egokitzeko.

Proiektuak Nafarroako Bertizko Jaurerriko eta Urbasa eta Andia parke naturalak, Pirinio Atlantikoetako itsasertzeko eremu atlantikoak eta itsasokoak eta Pirinioetako Parke Nazionala izan ditu ardatz. Bertzeak bertze, honako ekintza hauek egin dira: faunari eta florari buruzko azterlanak eta jarduerak, landare-espezie exotiko inbaditzaileak kentzeko esku-hartzeak, hainbat landaketa zehatz egin dira eta gune horiek klima-aldaketara egokitzeko erreferentziazko espazio natural bihurtzeko zerbitzuak eta azpiegiturak hobetu dituzte.

Bertitzen, landare exotiko inbaditzaileak (Prunus laurocerasus, Fallopia, Palmera, Caqui de Virginia eta Pawlonia tomentosa) errotik kendu eta kontrolatzeko esku hartu da. Espezie horien kolonizazioa saihesteko, gaztainondoak eta baso autoktonoko bertze espezie autoktono batzuk landatu eta erein dira. Halaber, jasangarritasun-irizpideak aplikatzeko ekintza bat garatu da, erregai fosilen erabilera murriztera eta energia berriztagarriak sustatzera zuzen-zuzenean bideratua, bai eta energia-eraginkortasuna hobetzera ere. Parke naturaleko jauregiko berokuntza-sistema ordezkatzeko biomasa-galdara berria paratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun