Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, Malerrekako Erronka pilota txapelketa antolatu dute, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin. Ezkurran eta Donamarian jokatutako bi lehenbiziko jardunaldien ondotik, Axkin eta Xaruta izanen dira aurrez aurre apirilaren 23an, larunbatean 19:00etan Legasako pilotalekuan.
Axkin taldearekin, Orbegozo, Ruiz de Infante eta Naroa Agirre ariko dira eta Xaruta taldearekin, Irantzu Iantzi beratarrarekin batera, Ruiz de Larramendi eta Aldaregia. Binaka partida bat 22 tantora eta lau eta erdiaren barrenean 18 tantora jokatuko dituzte. Profesionalen arteko partiden aitzinetik, 18:00etan eskualdeko pilotari gaztetxoen arteko partidak jokatuko dituzte Legasako pilotalekuan.