Basoen kudeaketa iraunkorraren alde agertu da Nafarroa Basoen Nazioarteko Egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 22a, 14:30
Bertizko basoa.

2021ean mozteko baimendutako bolumenaren % 60k baso-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiriaren zigilua izan du, eta kopuru hori % 94ra igo da mendi publikoen kasuan

Kontsumoa eta ekoizpen jasangarriak lelopean, 2022ko Basoen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo, martxoaren 21ean, eta helburua da ikustea zer-nolako garrantzia duen, bai pertsonentzako bai planetarentzako, zur jasangarria aukeratzeak, dituen onura ekologiko, ekonomiko eta sozialengatik. Nafarroako Gobernuak bat egin du ospakizunekin eta zenbait dato eman ditu. Erraterako, iaz 244.095 metro kubiko egur mozteko baimena eman zen. Bolumen horretatik %60ak baso-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiriaren zigilua izan zuen, eta kopuru hori %9ara igo da mendi publikoen kasuan.

Lurraldearen % 64 basoa

Nafarroako lurraldearen % 64 basotzat hartzen da. 450.000 hektarea inguru zuhaiztiak dira eta bertze 190.000 zuhaixkak eta larreak. Baso-ekosistemei dagokienez, aniztasun handia dago. Iberiar penintsulako pagadien herena Nafarroan dago eta bertze espezie batzuk, hala nola, pinu gorria, haritz mediterraneoak edo formazio mistoak, azalera handikoak dira. Nafarroako basoen aberastasun ekologikoa, beraz, ukaezina da.

Oihangintzak 2.500 lanpostu zuzen sortzen ditu eta bertze hainbat zeharkako lanpostu.

 

Basoen Nazioarteko Eguna Bertizen apirilaren 2an

Basoen Nazioarteko Eguna dela eta, Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean jardunaldi bat eginen du apirilaren 2an, basoak onuragarriak direla erakusteko eta herritarrak sentsibilizatzeko. Bertzeak bertze, bisita gidatua eginen dute basoan, haurrentzako ipuinak kontatuko dituzte eta Zuhaitz zaharrak, bizitzaz betetako zuhaitzak erakusketa inauguratuko da. (Informazioa eta izen-emateak: cinberti@navarra.es helbide elektronikoan edo 948 59 24 21 telefonoan)

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun