Bertizko Natur Parkeak ate irekien eguna ospatuko du larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 16a, 16:00
Ate irekien eguna izanen dute larunbatean Bertizen.

Lorategi historikorako doako sarrera, bisita gidatuak, tokiko produktuak, musika eta dokumental baten proiekzioa barne hartzen ditu.

Bertizko Natur Parkeak ate irekien eguna ospatuko du larunbat honetan, lorategi historikorako doako sarrera, bisita gidatuak, tokiko produktuen azoka, musika eta dokumental baten proiekzioa barne.

Egunean zehar, lorategi historiko-artistikorako sarrera doakoa izanen da parkearen irekiera-ordutegian, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. COVID19ak eragindako osasun-neurriak direla eta, jarduera guztiek edukiera mugatua izanen dute; beraz, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, 948 59 24 21 telefonoan edo cinberti@navarra.net helbide elektronikoan.

Lorategi historiko-artistikora 10:30ean, 11:30ean eta 16:30ean eginen dira bisita gidatuak. Adin txikikoentzako sarrera doakoa da, helduentzako, berriz, 3 eurokoa eta  harrera- eta informazio-etxolan eskura daitezke.

Gainera, Jauregiko Dorotea aretoan Anderea dokumental errealista eta onirikoa proiektatuko da, euskal mitologiako numen (pertsonaia edo jainkosa) nagusian oinarrituta. Bi emanaldi eginen dituzte: bata euskaraz 12:30ean eta bertzea gaztelaniaz 17:00etan.

Musikak ere bere lekua izanen du ospakizun honetan, Amaiurko Gaztelu taldeak 18:00etan kaperan eskainiko duen kontzertuarekin.

Eskaintza osatzeko, Argitsu artisauen elkarteak tokiko produktuen azoka jarriko du parkeko zelaian, 10:30etik 14:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun