Nerea Albiasu Azkarraga

«Batxilergoaren ordez zikloetako bidea hartu dut eta aunitz ikasi dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 4a, 08:00

Ikasketak akitu berri ditu Narbarteko Nerea Albiasu Azkarragak eta gazte guztiei bezala, lanean hasteko ordua ailegatu zaio.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

20 urteko narbartearra naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Lagunekin egotea eta besta egitea, nahiz eta momentuz ez dudan egiten.

Zeintzuk dira egin dituzun ikasketak?

Erdi mailako Administrazioa eta Kudeaketa ikasi nuen Elizondoko Lanbide Eskolan. Aurten, berriz, Iruñean akitu dut finantza kudeaketako goi maila.

Ikasketak akitzean praktikak egin zenituen. Nolakoa da enpresaren esleipen prozesua?

Lehenik ikasleei gure gustuko edozein enpresa hautatzeko aukera ematen digute, baina bertzela, eskolak hautatzen ditu.

Praktikak lan mundurako prestatzen zaituztela erranen zenuke?

Nire ustez, bai. Azken finean horretara joaten gara ikastera. Nahiz eta denek batxilergoa ikasteko erran, nik zikloetako bidea hartu dut eta aunitz ikasi dut.

Praktikak akitzean lana aurkitzea erraza izan da?

Ekain bukaeran akitu nituen praktikak eta zortea izan dut enpresa berean ari naizelako lanean. Arras gustura nago hemen, nahiz eta Iruñeraino joan-etorria egin beharra dudan egunero.

Eta nola ikusten duzu gaur egungo gazteen egoera lana bilatzerakoan?

Pixka bat zaila ikusten dut, eta koronabirusak ez du egoera erraztu. Hala ere, gogoa izanez gero, lana aurkitzea posible dela uste dut.

Praktiketako ikasle izatetik langile izatera alde handia dago?

Ez zait inoiz ikasten aritzea gustatu, beti pentsatu izan dut lan mundua hobea dela. Enpresan bankuak koadratu, kontabilitateaz arduratu, erosketetako albaranak eta fakturak sartu… egiten dut.

Narbartetik ateratzea beharrezkoa da lan egiteko?

Herri ttiki batean bizitzeak bere alde onak eta txarrak ditu. Gaur egun, gazteria kanpora joaten da lan bila herrian ez dagoelako aukera aunitzik, eta hau oraindik gehiagora joanen dela uste dut.

Zure asmoak epe motzera?

Heldu den kurtsoan ez dudanez ikasi behar, lanean segitzea edozein lekutan.

Eta zure nahiak epe luzera?

Normaltasun batera itzultzea, musukorik gabe, nahi dugun orduan etxera bueltatzen, gel hidroalkoholikorik erabili behar izan gabe...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun