Gomez kontseilariaren bisita jaso dute Bertizko gazte boluntarioek

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 23a, 14:00

Bertizen garatzen ari den ingurumeneko boluntarioen gunean Itziar Gomez kontseilariaren bisita izan dute. Bertan estatu osoko 25 gazte ari dira boluntariotza lanean. Hainbat eremu egokitzeko lanak egiten ari dira lorategi historiko-artistikoan, lorategi botanikoan, harrera eremuan eta bidezidorretan.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak Landa garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin batera sustatutako sei boluntario eremuetako bat da Bertizkoa. Urtero egiten da bertan gazteen boluntariotza.

Parkearen mantentze eta egokitze lanak egiteaz gain, parte-hartzen duten gazteek euren ingurukoak ez diren pertsonekin esperientziak partekatzeko aukera izaten dute jarduera ludiko eta kulturalen bidez.

Gazteak egiten ari diren lana ezagutzeko asmoz, Bertizen izan dira Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko sailburua, Carlos Amatriain Nafarroako Gazteria Institutuko zuzendaria, eta Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza bat, Unai Hualde parlamentuko lehendakaria tartean.

Gomez sailburuak nabarmendu du, gazteek egiten duten lana “garrantzitsua” dela, Bertizko parkeko instalazioak hobetzen laguntzen dutelako eta herritar guztiek “goza dezaketelako hobekuntza horietaz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun