140.000 pertsona inguruk Bertizko Parke Naturala bisitatu dute 2019an eta 2020an

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 16a, 20:00
Aizkolegiko jauregiko proiektuaren idazketa urte bukaeran hasiko litzateke.

Patronatuak Aizkolegi jauregirako jardueren txostena eta erabilera alternatiboen azterketa ezagutu ditu ekainaren 15eko bileran

Guztira 137.520 pertsona igaro dira Bertizko jaurerritik azken bi urteetan, eta, beraz, parke natural hori Nafarroako naturagune bisitatuenetako bat da oraindik ere. 2019an, 94.494 bisita izan ziren, aitzineko urtean baino % 12,4 gehiago, baina kopuru hori 43.025era jaitsi zen 2020an, pandemiaren murrizketen ondorioz, martxoaren 14tik uztailaren 18ra instalazioak  itxi behar izan baitzituzten.

Bertizko Patronatuak 2019-2020 Jardueren Txosteneko datu honen eta bertze batzuen berri izan zuen astearte goizean Parke Naturaleko instalazioetan egin zuen bileran. Bertan, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria izan zen. Departamentu honetako zuzendari nagusiak, Nafarroako Gazteriaren Institutuko eta Oieregi eta Narbarteko kontzejuetako ordezkariak, Bertizaranako alkatea eta natura aztertu, zaindu eta defendatzeko elkarteetako ordezkariak ere izan ziren.

Bileran, 2019an eta 2020an kontserbazioan, azpiegituretan eta erabilera publikoan egindako jarduera nagusiak aztertu, eta 2021erako aurreikusitako jarduerak aurkeztu zituzten. Horien artean, nabarmentzekoak dira basoak zaindu eta hobetzeko jarduketen jarraipena, iazko urrian haizetea igaro ondotik (bereziki, Erreparazea, Suspiro, Iturburua eta Irretarazu bidexketan eta bide nagusian). erabilera publikoko pista nagusian). Datozen lau urtetarako parkearen erabilera publikoaren kudeaketa Kaizen enpresari eman zaio. 2002tik orain arte Ostaitz enpresak egin du kudeaketa eta bere lana eskertu du Patronatuak.

 

Aizkolegiko jauregiko proiektua

Astearte honetako bileran, Aizkolegi Jauregia erabiltzeko aukerei buruz Departamentuak agindutako azterketa bat aurkeztu zaie patronatuko kideei, aztertu eta baloratzeko. Iragarri dutenez, jauregi modernistako esku-hartzea geroago patronatuak erabakiko duen proiektuan zehaztuko dute. Proiektu horren idazketa urte honen bukaeran hasiko litzateke.

Haren finantzaketa hiru urteko proiektu oso batean sartuko litzateke, parkeko kultur ondarea zaharberritzeko jarduketetarako. Proiektu horrek, guztira, 1,4 milioi euroko kostua izanen du, eta beirateak, Markesenea baserriko obrak eta Naturaren Interpretazio Zentroa dagoen Tenientetxea baserrirako igogailua egitea izanen ditu bere baitan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun