Alberto Aranburuk irabazi du Bertizaranako Enduro proba

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 10a, 08:00
Motorzaleen bueltan giro ederra izan zen Narbarten.

140 bat motorzale ingururen bilgune izan zen Narbarteko herria maiatzeko hondarreko igandean, hilaren 30ean. Enduro probak eraman zituen herrira izena eman zuten 120 helduak eta 20 haurrak.

Ttikienak izan ziren egunari hasiera eman ziotenak. 09:30ean hasi ziren ordubeteko lasterketarekin; eta, ondotik, 11:00etan, helduen txanda izan zen. Kasu honetan, pilotuak hiru minuturo atera ziren eta lehenbizi zirkuitu kronometratuari buelta eman zioten. Ondotik, berriz, ordubeteko mendi itzulia egin zuten. 

Iban Lopezek, antolatzaileak, adierazi duenez, «ibilbide hori hiru aldiz egin behar izan zutenez, lasterketa luze joan zen, are gehiago, egin zuen beroarekin». Edozein modutan, joan zirenek «arront kontent» zeudela eta «lasterketa arras polita zela» erran zioten. Lasterketa «zaila ez baina neketsua» izan zen, baina gustuko tokian trabarik ez zuten harrapatu bertaratu ziren parte-hartzaileek. 

Ikusleen aldetik ere, jasotako erantzuna «ikaragarria» izan zen: «kristoren jende pila etorri zen ikustera eta autoek gasolindegia estali zuten». Koronabirusaren aitzinean hartu beharreko neurriengatik, ordea, «pilotuko bi pertsona» baino ezin izan ziren sartu: «pena izan zen jendeari zirkuitura sartzea galarazi beharra...». Zirkuituaz harago, «mendiko ibilbideetan eta leku aunitzetan» pilatu zen jendeak «aunitz gozatu eta gogor animatu» zituen parte-hartzaileak. 

Sailkapenak
Sailkapen orokorrean Alberto Aranburu Ugarte gipuzkoarra izan zen irabazle. Horrez gain, izan zen punta-puntan ibili zen eskualdeko bertze herritarrik ere: Xabier Gallardon etxalartarra irabazle izan zen junior kategorian eta Gorka Iribarren doneztebarra bigarren. Ekaitz Maritorena berroetarrak hirugarren postua lortu zuen trofeo kategorian eta Oihan Meoki lekaroztarra podiumera goititzeko pauso batera gelditu zen, hau da, laugarren izan zen seniorretan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun