Transplante bati esker berriz jaio balitz bezala

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 12a, 09:00

Ezkerretik hasita Eloy, Ana, Aimar eta Jesus Madrildik bueltan lehenbiziko aldiz Legasara, Anaren gurasoen etxera, etorri zirenean.

Urte mugitua izan dute Ana Hernandez narbartearraren etxean, seme jaioberriari miokarditis dilatatua zuela detektatu eta hil ala bizi eduki dutelako. Bihotzeko transplante batek salbatu dio bizitza. Tarte honetan bizitakoa kontatu dio Hernandezek Ttipi-Ttapari.

G. Pikabea | Narbarte/Legasa

Joan den apirilaren 19an urtea bete zuen Eloy Sanchez Hernandezek, eta urtebetetze-eguna gogotsu ospatu zuten familian. Bertze edozein umeren besta izan zitekeen, baina Eloyren etxean bazuten ospakizunetarako bertze arrazoi bat, izan daitekeen handiena: Eloy beraiekin dutela. 

«Hilabete gogorrak» pasatu dituzte Sanchez-Hernandez familian, bihotzeko arazoak tarteko, etxeko ttikia hilzorian ikusi baitute, eta ospitaleratzeak, ZIUan egonaldiak, bihotzgelditzeak, iktusak, konbultsioak, ebakuntzak, makinen huts egiteak... Denetarik ezagutu dute. Zorionez, ordea, bihotza transplantatu ziotenetik hori iragana bihurtu da.

Transplanteari esker, «Eloy berriz jaio dela» sentitzen du Ana Hernandez Zozaia amak (Narbarte, 1987). Narbartearra da sortzez, legasarra bihotzez, baina Berriozar du bizileku. Hantxe bizi da Jesus senarrarekin eta Aimar (13 urte) eta Eloy semeekin (urte bat). Hunkituta, begiak malkoz beteak dituela, mintzo da sufritu dutenaz, baina kontatu nahi du, eta, bide batez, «egoerarik makurrenean ere itxaropen mezua» zabaldu nahi izan du. 

Koronabirusaren beldur

Pandemia betean jaio zen Eloy, amaren arabera, «haurdunaldi on» baten ondotik. «Apirila-
ren 6an jaiotzekoa zen, baina azkenean 18an probokatu behar izan zidaten eta biharamunean jaio zen. Dena ongi atera zen». Bi egunen buruan bidali zuten etxera, «pediatrak erditzean aldakan luxazio ttiki bat izan zuela detektatu zion eta hankartean kuxin bat paratu zion, baina deus berezirik ez».

«Covid-a zuela uste genuen eta bihotzeko arazo larria zuen»

Ana HERNANDEZ, Eloyren ama

Hernandez etxean konturatu zen zerbait ez zihoala bide onetik: «Eloyk agudo arnasten zuen, bularra hartzerakoan ito behar zuela ematen zuen, zurixka zegoen eta aunitz izerditzen zuen». Horixe bera aipatu zion pediatrari haurraren lehenbiziko hilabeteko mediku-azterketan: «baina pediatrak ez zela deus ere pasatzen erran zidan, auskultatu zuela eta ez zuela deus arrarorik ikusi».

Kontu bera errepikatu zen bigarren hilabeteko azterketan, ekain erdialdera: «Eloy izerditan blai egoten zen, tantaka, baina eskuak beti hotzak izaten zituen eta arrunt zuri segitzen zuen. Gero eta agudoago arnasten zuela ikusten nuen. Ordurako bularra edateari utzia zion ito egiten zelako eta biberoia ematen hasia nintzen». Baina pediatrak «lasai egoteko» erantzun zion: «haurrek helduek baino agudoago arnasten dutela, izerdia beroaren eta kuxinaren ondorio izanen zela, eta zuri egotearena pandemia betean kanpora ateratzen ez nuelako eta D bitamina falta zuelako izanen zela erran zidan. Pediatrak hori erranda, ez nintzen kontra egiten hasiko...».

Halaxe segitu zuten, uztailaren 3an, «lehenbiziko ostikoa» hartu zuten arte. Oroimenean ongi iltzatua du egun hori, baita ondokoak ere. «Egun hartan, haurrak jateari utzi zion eta eztulka hasi zen. Kanpoan ibilia nintzen eta koronabirusa ote zuen pentsatu nuen. Sukarra hartu eta 37,5  gradu zituela ikusi nuen». Hernandezek kontatu duenez, «egoera arrunt batean, sanferminen atarian eta sukar puntu horrekin, ez litzaidake okurrituko haurra ospitalera eramatea. Baina Covid-19a izan zitekeela eta, 112ra deitu nuen eta larrialdietara eramateko erran ziguten». Halaxe egin zuen. 

Eloy Gregorio Marañon ospitalean, telebistari begira.

Kardiopatiaren diagnostikoa

Koronabirusik ez, hori baino makurragoa izan zen diagnostikoa: «PCR proban negatibo eman zuen, baina haurrak ongi arnasten ez zuela ikusita, plakak eta analisiak egin behar zizkiotela eta kardiologo bati deitu behar ziotela aipatu zidaten».  «Hitzik gabe» gelditu omen zen: «Horixe zen jaio zenetik behin eta berriz errepikatzen ari nintzena».

Kardiologoak eman zion berriak lur-jota utzi zuen: «miokarditis dilatatua zuela erran zidan, haurra larri zegoela». Larritasuna ezjakintasunarekin nahastu zitzaion: «Ez nuen deus entenditzen! Ez nekien zer zen. Hil zitekeen galdetu nion, eta bere erantzuna hauxe izan zen: 'Ezin dizut erran, baina hagitz larri dago. Birikak odolez beteak ditu eta Madrilera deitu behar dugu, Iruñean bera artatzeko bitarteko justuak ditugulako eta han ohatze bat libre gelditu orduko harat eraman behar dugu. Bitartean, lehenbailehen ZIUra eraman behar da eta oxigenoa eta biriketako likidoa kentzeko medikazioa paratu'. Shock izugarria izan zen», dio hunkituta. Hala jakin zuen Eloyk bihotzaren ezkerreko bentrikulua ohi baino handiagoa zuela eta ez zuela odola ongi xurgatzen. Horren ondorioz, odola biriketaraino sartzen zitzaion.

Lanean zegoen senarrari deitu zion Hernandezek eta segituan joan zen ospitalera: «ez genuen sinesten». Ondoko egunetan ere kolpeak bat bertzearen ondotik etorri ziren, eta lehenbizikoa, ospitaleratu eta biharamunean: «gauez ZIUan ezin genuenez egon, etxera joanak ginen. Han geundela, Eloy zer moduz zegoen jakiteko gogoz ospitalera deitu genuen. Larrialdi batean zeudela eta ezin zigutela erantzun erranez deia moztu zuten. Ordu erdiren buruan deitu ziguten». Larrialdi kasu hura Eloyrena zen. Etxetik ospitalerako bidean, «Hilko da? Hilko da? Ez nintzen bertze deus errateko gai, baina zorionez ongi atera zen. Eloyk hamar minutuko bihotz-gelditzea izan zuen, baina erreanimatzea lortu zuten», kontatu du malko artean amak.

«Egoerarik makurrenean ere itxaropena ez da galdu behar»

Ana HERNANDEZ, Eloyren ama

Hasierako ordu eta egun haiek «negarrez» pasatu izana oroitzen du: «Jesusek medikuei aditzen zien baina ni ez nintzen gai hori dena barneratzeko, negar bertzerik ez nuen egin». Aimarrek ireki zizkion begiak: «Eloyk behar ninduela erran zidan, ezin nuela horrela segi eta gogor egin behar nuela». Orduantxe hasi zen egoera «bertze manera batean hartzen».

Iruñetik Madrilerako bidea

Hiru egunen buruan ailegatu zen Madrilera joateko eguna, uztailaren 6an. «Seme zaharrena nire eta Jesusen gurasoekin utzi genuen eta Jesusek eta biok Madrilera joateko goizeko lehenbiziko trena hartu genuen». Hasiera batean, Eloy Madrilera helikopteroz eramatekoa omen zuten baina «gu bidean ginela, Iruñetik helikopteroz noiz aterako zuten jakiteko deitu genuenean, anbulantzian eramanen zutela jakinarazi ziguten, bere egoera hagitz delikatua zelako eta bihotza geldituz gero, helikopteroan ezin izanen zutelako erreanimatu. Ordu bateko bidaia izan behar zuena, azkenean sei ordukoa izan zen, atera kontuak zer nolako orduak izan ziren guretzat. Eta tarte horretan gu Madrilen, Gregorio Marañon ospitalean, ezagutzen ez dugun toki batean eta izuaren etxea deitzen diodan toki horretan, semea Iruñetik ateratzeko esperoan». 

Semea anbulantzian Madrilgo ospitalera ailegatu zeneko momentua ere ez du atzendua: «Anbulantzia gorri hura Madrilgo karriketan ikustea, sirenarekin, eta barrenean semea zegoela pentsatzea... Oraindik ere, bereziki Madrilen, anbulantziak ikusita barrena mugitzen zait». 

Ana Eloyrekin, lehenbiziko aldiz desintubatu zutenean. 

Deus gabe Madrilen

Larrialdi momentu hartan, esku hutsik jo zuten Madrilera, Hernandezek dioenez, «deus gabe. Ez zitzaigun bertze deus inporta». Baina epe luzeko kontua izanen zela ikusita, Salestarren atea jo zuten: «Jesusek Iruñeko Salesianos ikastetxean ikasi zuen eta hango zuzendariak lehendik ere bioi aunitz lagundua zigun. Madrilgo Salestarretara joana zela jakin genuen eta beso zabalik hartu gintuen. Gela bat utzi zigun eta bihotzez eskertzen diogu».

Gela hartan pasatutako orduak eta orduak, «luzeak eta zailak» izan omen ziren. «ZIUan bietako bat egoten ahal ginen eta gainerako orduak hagitz gogorrak izan ziren». Ez da guttiagorako: «Ondoko egunetan eta asteetan behar ziren probak guztiak egin zizkioten, tratamendu eta medikazio aunitz paratu zizkioten, Eloy egonkor mantendu eta berarekin zer egiten ahal zuten ikusteko». Bereak eta bi pasatu behar izan zituen. «Iruñeko bihotz-geldiketaren ondorioz, zentro-basalean orban batzuk atzeman zizkioten, eta Madrilen egon zen lehenbiziko asteetan iktus ttiki batzuk eta konbultsio aunitz izan zituen». Ebakuntza bat ere egin zioten, «baina ez zen ongi atera eta Eloyren bihotza uste baino makurrago zegoela ikusi zuten». Gehiago ere bai. «Gaixoak hainbertze likido zuen, baloi bat bailitzan hazi baitzen», dio amak hunkituta, eta «kateterrean giltzurruna ukitu ziotenez, martxan paratzeko eta hazitasun hori jaisteko makina bat jarri zioten. Aldi berean, birikak huts egiten ziotenez eta bihotza hari batetik zintzilik hagitz ahul zuenez, Ecmo makina ere paratu behar izan zioten, bihotzaren eta biriken funtzioa egiteko». Hura ikustea ere «hagitz gogorra» egin zitzaion Hernandezi: «lepotik kanulak ateratzen zitzaizkion, banderillak bailiran». Eta hori guztia arriskua bazuela jakitun: «ez da komeni haur bat makina horrekin egotea, huts egin dezake eta tronboak eragin ditzake eta horrek maila neuronalean eragin».

Hiru aldiz bihotza geldirik

Ecmo makinarekin egun batzuk egin zituen eta «astebetera, kendu edo ez, eta transplantatzeko itxaron-zerrendan sartu edo ez erabakitzen ari zirenean, makinak akats elektriko bat izan zuen». Eguna ez du atzendua: «abuztuaren 1a zen, nire urtebetetze-egunaren bezpera, eta opari ederra hartu nuen. Ordurako pisu bat hartu genuen Madrilen, eta ospitaletik ateratzear hara abiatuak ginen, bertze batzuei medikuak Eloyrekin ari zirela aditu genienean. Segidan igo ginen goiti, eta medikuak, erizainak, laguntzaileak... denak Eloy erreanimatzen aurkitu genituen, Ecmoak huts egin zuelako. Bertze Ecmo makina bat ekarri zuten baina hark ere huts egin zuen eta hirugarren bat konektatu zioten». Bertze susto handi bat: «sei minutuko bihotz-gelditzea izan zuen, eta medikuek ezin zuten ulertu nola, baina bizirik atera zen».

Handik egun batzuetara erabaki zuten bihotzeko transplantea egiteko itxaron-zerrendan sartzea: «Berez, neurologikoki bizi-itxaropenik ez badute, ez dituzte transplantatzen. Eloy ez zuten neurologikoki aztertu, baina aukera ematea erabaki zuten eta itxaron-zerrendan sartu zuten. Bizitza guztian eskertuko diegu».

Kontent hartu zuten berria, baina sufrimendua ez zen hartan akitu. Zerrendan sartu eta biharamunean, «bizirik mantentzeko, bihotz artifiziala paratu behar ziotenean, hirugarren aldiz, Eloyk hiru minutuko bihotz-gelditzea izan zuen». Orduantxe galdu zuen itxaropena Hernandezek, «'honaino ailegatu gara,' pentsatu nuen. Ez nuen espero handik aterako zenik». Baina atera zen, «hirugarrenean ere atera zen». 

Eloy urriaren 16an, Madrilgo ospitalean alta hartu eta etxera abiatu ziren egunean.

Transplantea

Bazekien Eloyrendako bihotza «hiru, sei edo hamabi hilabeteren buruan, edo biharamunean» etor zitekeela, baina berehala ailegatu zen: «Hirugarrenez bihotza gelditu zitzaionetik egun batzuk pasatuak ziren eta telefono zenbaki luze madarikatu hartatik deia ikusi genuenean berriz zer gertatu ote zen pentsatzen hasi ginen». Telefonoaren bertze aldekoak emandako berria, ordea, ona izan zen: «bagenuen organo-emailea! Ezin genuen sinetsi!». Hortik aitzinera argia ikusten hasi ziren. Transplantearen ebakuntza «hagitz ongi» atera omen zen: «bederatzi orduko ebakuntza izan zen, baina bihotza paratu eta segituan ponpatzen hasi zen».

Organo-emailearen senitartekoak ere gogoan izan ditu Hernandezek: «Ez dugu sekula jakinen nondik etorri zen bihotza, baina familiak dolu betean, bertzeengan pentsatu zuen. Hori izugarria da. Gure semearen bizitza salbatu zuten». Aitortu digunez, «ez dakit zer den itxaron zerrendan egotea, baina bai zer den hain denbora laburrean sufritzea. Transplantatu aitzinetik semea egunero agurtzen nuen, banekielako akaso ez nuela berriz ikusteko aukerarik izanen». Baina aitzinera egin zuen. Abuztuaren 27ra arte mantendu zuten Madrilgo ospitaleko ZIU-
an, eta zainketa berezitik aterata urriaren 16ra arte ospitalean egon zen. Urriaren 16an bueltatu ginen etxera, emozioz gainezka», adierazi du. 

Tontakeriak alde batera

Geroztik «bizitza erabat aldatu» zaio Hernandezi: «bizitza gehiago baloratzen ikasi dut: Zoritxarrez, tontakeria aunitz ditugu eta ez gara kontziente zer den egiatan inporta duena». Berak, ordea, eguneroko ekintza xumeei garrantzia ematen ikasi du: «Hiru hilabete eta erdiz Madrilen egon ondotik, Eloy besoetan etorri eta Aimarren poztasun aurpegia ikustea izugarria izan zen» edo «seme zaharrena gazteenari pure ematen ikusteak hunkitzen nau. Batzuentzat huskeria izan daiteke, baina niretako bi semeak ikustea zoragarria da».

«Egunero semea agurtzen nuen gehiago ikusiko ez nuen beldur»

Ana HERNANDEZ, Eloyren ama

Egoera zailetan jendeak, «benetan zer gertatzen den jakin gabe», ematen dituen aholkuez ere mintzatu da: «'Ulertzen zaitut, gaixoa...'. Horrela aritzen gara, baina aunitzetan hobe da isilik gelditzea. Maitasuna eman daiteke eta eskertzekoa da, baina norberari gertatu arte inork ez daki zer den hori». 

Aimar izan zitekeen

Aimarrez ere harro dago, agerikoa da hori amaren solasetan. «Aimarren paper garrantzitsua» nabarmendu du: «Benetako txapelduna izan da. Bere dolua izan du, baina hagitz indartsua izan da eta aunitz lagundu digu. Etengabe berarekin harremanetan izan gara eta ospitalean bere audioak Eloyri paratzen genizkionean ikusi egin behar zen ttikiak nola erreakzionatzen zuen. Orain ere denbora aunitz pasatzen dute elkarrekin, eta anaia zaharrena ikustean arrunt kontent jartzen da».

Bertzetik, «Aimar ere egoera beretik pasa zitekeela» onartu du: «Jesus eta bion geneek bihotzeko arazo hauek sor ditzakete eta azterketa genetikoak egiten ari gara. Ez dugu emaitzarik, baina duela 13 urte Aimarri gauza bera gertatzen ahal zitzaiola erran digute». 

Aimar –ezkerrean– eta Eloy –eskuinean– anaiak jostetan. Elkarrekin «denbora aunitz» pasatzen dutela dio amak. 

«Berriz jaio da»

Denaren gainetik, hala ere, «zorte handikoa» sentitzen da Bertizaranakoa, eta «egunero Eloyren irria ikusi ahal izateko» bidelagun izan dituen guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, bereziki osasun arloko profesional guztiei. «Gure salbatzaileak izan dira». Bere ustez, argi dago «medikuengan konfiantza izan behar dela, euren lanean sartu gabe. Gure kasuan, elkarren arteko laguntza izan zen: ahal zuten guztia egin zuten Eloy salbatzeko eta guk semearekin behar zuten guztia egiten utzi genien, jakinda semea hil zitekeela».

Pequeña Guerrera kardiopatia duten haurren familien Nafarroako elkartea eta Hiru Hamabi garuneko kaltea jasan duten adin ttikikoen familien elkartea ere gogoan izan ditu, «eskerrik asko»; baita «senarra eta Aimar ere: «gertatu zaigunak gehiago elkartu gaitu».

Hortik aparte, dena hutsetik hasita, egunerokoan segitzen dute eta Hernandezek bere zaintzarako baimen berezia hartua du. «Eloyk botika aunitz» hartzen dituela azaldu du amak, «lehen 11 eta orain bederatzi, eta batzuk bizitza guztian hartu beharko ditu». Haurtzaindegira ezin du joan, kutsatzeko arriskuagatik: «bihotza errefusatzen ez duela ikusteko denbora jakin bat pasatu behar da, eta horregatik edozein seinale dela ere, sukarra, goitika edo beherakoa, Madrilera deitu behar dugu». Horrekin batera, «neurologikoki beti segimendua» eginen diotela aipatu du, «hainbertze denboraz makinekin egon delako. Ikusiko dugu lau urteren buruan zer gertatzen den, baina orain badirudi ez dela deus pasatu».

«Tontakeriak utzi eta bizitza gehiago baloratzen ikasi dut»

Ana HERNANDEZ, Eloyren ama

Errehabilitaziora ere joaten da eta «ederki etorri zaio. Ospitalean hainbertze denbora egoteak psikomotrizitatean eragiten du eta Eloyk dena berriz egin behar izan du, berriz jaio balitz bezala izan da. Ez zekien zurrupatzen eta jaten berriz ikasi behar izan du. Errehabilitazioari esker zutik jartzen da, hobeki jaten du... Bertze haurrak baino beranduago, baina hagitz ongi dago».

«Miraritzat» du gertatu zena, eta «seme-alaben mina baino handiagorik deus ez dela» eta «egiatan arrunt gaizki pasatu» dutela argi utzi du. «Oroitzean negarrez hasten naizela» ere azaldu du, «oraindik emozio aunitz ditut...». Baina halako egoeratan «itxaropena izatearen» garrantziaz ohartarazi du: «Madrilen denetarik ikusi genuen, joan direnak eta gelditu direnak eta zorionez, Eloy gurekin dugu. Duela urtebete norbaitek itxaropena ez galtzeko erran izan balit, pikutara bidali izanen nuen, baina ez da etsi behar». Lasaitasunaz ere aritu da: «gure onetik atera gaitezke, baina lasai egoten saiatu behar dugu». Eta bukatzeko «baikortasuna» nabarmendu du: «baikortasunak indar handia ematen du. Niri umoreak minari gogor egiten lagundu dit. Bere ondoan negarrez egon beharrean, brometan, irriz, liburuak leitzen, istorioak kontatzen... egoten nintzen, nahiz eta bera sedatua egon». Areago, «bakoitzak dolua bere modura garatzen du eta nik garbi nuen semea momentu batetik bertzera hil zitekeela. Horri alde ona atera eta momentuz hor nuela pentsatu nahi izan nuen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun