Alazne Aizpuru Iriarte

«Ahal dudan guztietan frontenisaz gozatzen segitu nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 16a, 09:00

Izaskun Iriarte lehengusina bikote duela, bigarren txapelketa jokatu du Alazne Aizpuru Iriartek (Narbarte, 2000). Bigarren honetan ere, txapeldunordearen garaikurrarekin bueltatu dira

Aunitzek egin duten moduan, besta kirolarekin ordezkatu du pandemia garaian Alazne Aizpuru Iriartek (Narbarte, 2000): «ezin denez bestarik egin, lagunekin mendira joanez eta frontenisean ariz gozatzeko modua harrapatu dut». Lehendik ere bazuen frontenisarekiko zaletasuna indartu egin da, eta, berriki, Latasako txapelketan parte hartzeko aukera izan du Izaskun Iriarte lehengusinarekin batera. Frontenisak «lagunekin arratsalde politak pasatzeko, jendea ezagutzeko eta txapelketen esperientzia bizitzeko» aukera eman dio eta, orain, mundu horretan sartu delarik, bide horretan segitu nahiko luke.

Noiz hasi zinen frontenisean jokatzen?

Ttikitan aitarekin eta amarekin ikasi nuen jolasten. Ondotik, 9-10 urte inguru nituenetik udan lagunekin herriko plazan jolasten nuen. Urte pare batez aritu gabe egon ondotik, 2018an lehengusinekin berriz hasi nintzen.

Nondik heldu zaizu zaletasun hori?

Betidanik gustatu izan zait. Narbarten aunitz aritzen gara frontenisean edo palan eta betidanik ikusi izan dut jendea plazan jolasten. Herriko batzuk udan goizetan jokatzeko gelditzen hasi ziren... Horrela hasi ginen gure adintsuko gehienak. Horretaz gain, lehengusinak palan eta frontenisean betidanik jolastu izan dira.

Zenbatero aritzen zara?

Astean bizpahiru aldiz eta udan ia egunero aritzen ginen. Baina ikasturtean zehar normalean Donostian nagoenez, astean behin edo... batzuetan hori ere ez, ordutegiaren arabera.

2018an Aunitz Eskuetan frontenis txapelketa irabazi zenuen Esther Iriarterekin batera...

Lehengusu afaria izan genuen eta txapelketari buruz hitz egiten hasi ginen Maite lehengusina herriko batekin apuntatua baitzegoen. Azkenean, Esther lehengusinak eta nik apuntatzea erabaki genuen. Lehengusu afariak eta lehengusuek animatu gintuzten (irri artean). Apuntatu ondotik, entrenatzen hasi, eta txapelketa irabaztea lortu genuen.

«Herrian frontenisean eta palan aritzeko ohitura dago»

Alazne AIZPURU, Narbarteko pilotari gaztea

Hala ere, azken aldian Izaskun Iriarterekin ikusi zaitugu...

Aunitz Eskuetan frontenis txapelketa eta gero ez nintzen gehiago frontenisean aritu. Maite lehengusinak Baztango frontenis txapelketa egin behar zela erran zidanean, kuadrillako taldera bidali, eta Izaskun eta nik parte hartzea erabaki genuen. Orduan hasi ginen frontenisean gehiago ibiltzen eta Baztangoaren ondotik Latasakoa jokatu genuen. 

Baztango binakako txapelketan txapeldunorde izan zineten.

Baztango txapelketan emakumezkoen bi maila zeuden, eta bigarren mailan apuntatu ginen. Finalera ailegatzea lortu genuen, eta txapeldunorde izan ginen. 

Berriki Latasako txapelketan aritu zarete...

Herriko batek Izaskuni txapelketa egin behar zela erran zion. Frontenisean aritzeko ohitura daukagunez eta egungo egoerarekin zerbait egiteagatik apuntatu ginen. 

Hor ere txapeldunorde, beti punta-puntan.

Partida batzuk pixka bat kostatu arren, finalera ailegatzea lortu genuen, baina azkenean, ez genuen irabazi. Hala ere, txapeldunorde koparekin bueltatu ginen etxera.

Zenbat emakumezkok parte hartu duzue?

Zazpi bikote ginen, hau da, 14 emakume guztira. Bikote bakoitzaren aurka partiduak egin genituen, lau irabazi eta bi galdu genituen, eta finalerdietara pasatzea lortu genuen. Finalerdia gogorra izan arren –finala hauen aurka galdu baikenuen– irabaztea lortu genuen, eta finalera pasatu ginen. Finala ere ongi hasi genuen baina gero ez genuen irabaztea lortu. 

Nola animatuko zenituzke emakumezkoak frontenisera?

Lagun artean denbora pasatzeko modu polita da. Era berean, txapelketek jendea ezagutzeko aukera ematen dute. 

Nola ikusten duzu frontenisaren etorkizuna?

Jende gehiago aritzen hasi dela iruditzen zait. Herriko ttiki eta gaztetxoak ere maiz ikusten ditut herriko plazan eta horrek poztasuna sortzen du. Nire ustez horrela segituz gero, herrian eta inguruan afizio polita sortuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun