Bertiz Natur Parkeak bidexken sarea zabaldu du berriz ere

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 6a, 20:00

Joan den urriko haizetearen ondotik bideak egokitzeko eta eroritako zuhaitzak kentzeko lanak akitu dituzte.

Eroritako zuhaitzak kendu dituzte, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta bertako landareak hedatzeko helburuarekin

Aste Santuarekin batera, Bertizko Jaurerriaren Natur Parkeak bidexken sarea ireki du bisitarientzat, joan den urriko haizetearen ondotik bideak egokitzeko eta eroritako zuhaitzak kentzeko lanak akitu ondotik.

Jaurerrira bisitariak sartzea mugatuta egon da azken hilabeteetan, segurtasunagatik; izan ere, joan den urteko urriaren 20ko haizetearen ondorioz zuhaitz aunitz erori ziren oihanean, eta bertze aunitz kili-kolo zeuden pista edota bidexketara erortzeko arriskuan.

Hilabete hauetan, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Biodibertsitate Zerbitzuaren bidez, kontserbazioko eta hobekuntzako hainbat mendi jarduera egin ditu Jaurerran. Jarduera horiei hasiera emateko, eroritako zuhaitzak eta pista eta bidexka nagusietatik igarotzea oztopatzen zuten traba arriskutsuak kendu zituzten, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

Esku-hartzea Bertizko oihanean

Jarduera-eremuak harrera-eremuaren eta oihan naturalen arteko trantsizio-eremuetan kokatu dira, eta Bertizkoan bisitari gehien izaten diren eremuetan hasi dira; zehazki, Erreparatzea, Suspiro, Iturburua eta Irretarazuko bidexketan eta pista nagusian. Segurtasuna bermatu eta hobetzeaz gain, bertako landaredia berreskuratzeko ere aprobetxatu dute. Honela, eroritako haritz amerikarren egurra atera dute, modu naturalean edo plantazioen bidez, bertako arbolak hedatzeko helburuarekin.

Bertizko Jaurerrian, Nafarroako Oihan Ondaretzat eta Parke Naturaltzat jotzen den eremuan, egin diren mendi-jardueren garrantzia dela eta, hainbat hilabetez luzatu behar izan da sarbidea segurtasunez bermatzeko egin beharreko lanen planifikazioa eta abiaraztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun