Dani Martirena Indart

«Memoria historikoa oroitzapen ttikiei esker josten da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 7a, 09:00
Dani Martirena eta Ana Ibañez 'Amonarenean kea' lana esku artean dutela.

Dani MARTIRENA INDART, Legasako kazetaria eta idazlea,

«Gizartearen zauriak azaleratzeko nahiak» bultzatuta, lau album ilustratu egin dituzte Dani Martirenak eta Ana Ibañezek. Amonarenean kea lana «zaintzen eta babesten» ari dira orain.

Irudiak eta hitzak lotuz, album ilustratuak egiten ditu Dani Martirenak (Legasa, 1973). Hitzek falta dutena irudietan bilduz eta irudiek dutena hitzetatik ezabatuz, Ana Ibañez ilustratzailearekin batera egin duen ibilbideaz eta azken lanaz aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Narrazio laburrekin hasi zenuen bidea eta, Ana Ibañezekin batera, album ilustratuetara jo zenuen gero. Ordutik ez zara gelditu...

Hankaz gora du amak mundua izan zen lehenbizikoa. Ondotik, Jonek Jone izan nahi du plazaratu genuen. Biak autoekoizpenaren bidetik sortu genituen. Etxepare Sariari esker, Cosimoren katiuskak Pamiela argitaletxeak argitaratu zuen eta, azkena, Amonarenean kea ere geronek editatua da.

Laurek badute hari komun bat...

Azken honetan Anaren ilustrazioak, ohikoa duen abstrakziotik aldendu arren, argi dago bereak direla. Eta, gaiari dagokionez, guztietan gizartearen zauriak azaleratzeko nahia dago. Azkenekoan inoiz baino gehiago. Horren lekuko, Mariasun Landaren hausnarketa bat geureganatu dugu. Berak haurrei edozer gairi buruz solas egin behar zaiela erraten du, ez direla tuntunak... Hausnarketa honek gure liburu guztietarako balio du: lehenbizikoan hipoteka ezin ordaindu dabilen emakume baten istorioa kontatu genuen; Jonek Jone izan nahi du liburuan haurren etorkizuneko lanbideez aritu ginen, zakila duen neska baten gogoa normaltasunez landuta; hirugarrenean ingurumenarekiko konpromisoa eta kapitalismoaren aurkako ikuspegia bildu genituen. Orain,  memoria historikoa oroitzapen ttikiei esker josten dela aldarrikatu dugu.

Amona transmisioaren sinboloa dela erran dezakegu. Eta kea?

Batetik, amonaren etxeko tximiniatik kea ateratzen delako eta, bertzetik, oroimena lausoa delako eta kea bezala desagertzen delako.

Memoria da kontaketaren ardatza edo kontaketa memoriari keinu egiteko aitzakia?

Aitzakia. Kontakizunean etxe guztietan dauden oroitzapen txikiak gailentzen dira: hostopilen zaporea, sukaldea, tximiniatik ateratzen den kea… Baina bi orrialdetan jauzi ttiki bat egiten du liburuak: amonak aitona gerran hil zutela erraten du, orduko  argazki bat bildu dugu...

Argazki horretan lotzen dira memoria eta oroitzapena. Eta, modu berean, argazkiak bertze historia bat biltzen du.

Gure asmoa hasierako historiarekin gelditzea zen, album ilustratu tradizionala egitea, alegia. Argazki zahar batean errezeta bat idatzi eta oparitu nahi genuen. Argazki baten bila genbiltzala argazki zoragarri hori aurkitu genuen, eta haurrek ilustraziokoekin lotura zutela ikusi genuen. Aldi berean, gizon horrek haurrei itsasoa ikustera eramanen zituela erran zien eta horregatik hil zuten. Hor ikusten da gerraren gordintasuna. Bigarren ipuin hori eranstea erabaki genuen, helduei zuzenduta. Haurrek argazkikoak nor diren galdetuko dute eta...

Zenbat du errealitatetik eta zenbat fikziotik?

Bigarren kontaketa hori errealitatean gertatua da. Lehenbizikoak, berriz, ilustrazioetan badu errealitatetik zerbait. Anak marraztu dituen horiek bere ahizpa eta bera, bere lehengusuak eta amona dira. Anaren plana igandero amonaren etxera joatea zen. Fikziotik ere badu horrek. Amatxik frijituak prestatzen zizkien, baina Anak edertasun gehiago ikusi zien marrubizko eta kremazko hostopilei...

Sortze prozesuari dagokionez, gainerakoak ez bezalakoa da...

Lehenbiziko Anak marrazkiak egin zituen, gastronomia eta oroitzapenak gaia ardatz hartuta. Horiek ikusi nituenean kontatzeko zerbait izanen  zutela pentsatu nuen. Orain arte ilustrazioa testutik abiatuta egin izan dugu... Modu honetara lan egiteak liburuari bertze oreka bat eman dio.  Album ilustratuen arriskua testuetan dagoena errepikatzea izaten da eta horrela lan eginez, marrazkietan zegoena ez errepikatzen saiatu naiz. Hala ere, lotura batzuk badaude: lehenbiziko ilustrazioan, adibidez, zaldiak bezala eskaileretan trostan egiten zutela aipatzen dut eta eskailera batzuk daude, haurrak pozik daude irudietan baina gerra aipatzen denean haur batek labana du eskuan...

Album ilustratuak haurrentzat ez ezik helduentzat ere badira.

Bai, haurrei zuzenduta dauden arren, helduok ere album ilustratuekin goza dezakegu. Gainera, irakurketa partekatua interesgarria izan daiteke. Horrek bertze ate batzuk irekitzen ditu, bakoitzaren ikuspegiaz solas egiteko eta elkarrengandik ikasteko aukera ematen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun