Nafarroako bost eta erdiko paleta goma txapelketa irabazi du Dabid Albiasu narbartearrak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 9a, 13:07

Bost eta erdiaren barrenean, Nafarroako kluben arteko paleta goma txapelketako finalak jokatu zituzten atzo, igandean, Iruñeko Labrit pilotalekuan, lehenbiziko, bigarren eta hirugarren mailakoak. Hain zuzen, Dabid Albiasu narbartearrak lehenbiziko mailan txapela jantzi zuen eta bigarren mailan Oronoz-Mugairiko Joseba Arizmendik irabazi zuen. 

Joan den urtean, bigarren mailako txapela jantzi zuen Fronton Lopez klubean ari den narbartearrak eta aurten, lehenbiziko kategorian lortu du garaipena. Finalean hasiera-hasieratik aitzinean jarri zen eta 43 minutuko partidaren ondotik, bortz tantoko aldea atera zion Legarrari. Markagailuan 25-20 zela berarentzat izan zen txapela.

Bigarren mailan bertze eskualdeko bat aritu zen: Oronoz-Mugairiko Joseba Arizmendi, hau ere, Fronton Lopez klubean ari dena. 32 minutuko finala jokatu zuen Juan Fernandez de Arcayaren aurka eta azkenean, baztandarra nagusitu zen, 25 eta 22.

Argazkiak: Nafarroako Pilota Federazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun