Emakume bat zauritua Bertizko Natur Parkean, paseatzen ari zela zuhaitz bat gainera erorita

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 28a, 07:30

Ezbeharra atzo arratsaldean gertatu zen Suspiroko errekan, natur parkeko sarreratik lau kilometrora, familiarekin paseatzen ari zela zuhaitz bat gainera erori zaionean. Zauritua 56 emakume bat da, Zizurko bizilaguna. Taldeko gainerako kideak salbu jarri eta berehala deitu zuten 112ra.

Oronozko parkeko suhiltzaileak eta guardiako mediku-taldea bertaratu ziren zauritua zegoen tokira, bertara anbulantzia sartzeko biderik ez baitago. Berehala bularraldeko kolpe handia antzeman diote, baita buruan zauri bat eta hainbat kolpe ere. Suhiltzaileek pare bat kilometrotan oihaneko soilgune bateraino eraman duten ohatila batean. Soilgune horretatik, suhiltzaileen Erreskate Teknikoko helikopteroarekin Oronozko suhiltzaile-parkera eraman dute segidan. Parkean, helikoptero medikalizatua zegoen zain, eta Nafarroako Ospitalera eraman dute. Suhiltzaileekin elkarlanean aritu da Foruzaingoko patruila bat ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun