Jesus Mari Etxart

«Herriaren egunerokoan aritzea oinarrizkoa iruditzen zait»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 10a, 12:00

Duela 30 bat urte ere Legasako alkate izan zen Jesus Mari Etxart Ansalas.

Jesus Mari Etxart Ansalas, Legasako alkatea

Abenduaz geroztik Legasako alkatea da Jesus Mari Etxart eta orain artekoaz balorazio positiboa egin du. Eskolan berritze- eta egokitze-lanak egitea izanen dute aurtengo proiektu nagusia.

Duela 30 bat urte izandako esperientzia errepikatzeko gogoz aurkeztu zen azaroko hauteskundeetara Jesus Mari Etxart. Berak jaso zituen boto gehien eta abenduan hartu zuen alkate kargua. «Aitzineko kontzejukoek dena egina utzi zutenez, hutsetik hastea bezala» izan omen zen. «Pixkan-pixkan» ari direla dio eta aitortu digunez, «kontent». Eskola konpontzeko laguntza lortu dute horixe dute aurtengo proiektu nagusia. 

Zazpi hilabete pasatu dira kargua hartu zenuenetik. Zer moduz?
Ongi. Gogoarekin aurkezten zarenean, dena ikuspuntu horretatik ikusten eta egiten da. Kontent ari gara, egunerokoarekin segituz, poliki-poliki, horrelako herrietan ez delako kontu handirik izaten eta kudeaketa nahiko sinplea izaten delako. Gure aitzinetik kontzejuan egon zirenek dena egina utzi zuten, ez zuten deus zintzilik utzi, eta azken ordainketa batzuk egitea baino ez zaigu gelditu. Alde horretatik hutsetik hastea bezala izan da eta pixkan-pixkan ari gara.

«Jendeak ez du konpromisorik hartu nahi, aunitzetan ez delako atsegina»

Bigarren deialdira aurkeztu zineten. Jendeak ez du aurkeztu nahi?
Ez du inork aurkeztu nahi ez. Jendeak ez du konpromisorik hartu nahi, aunitzetan ez delako atsegina. Borondatez lan pila egiten da baina badira min ematen duten komentarioak eta horrek jendea gibelatu egiten du. Egiten dena ez da inondik inora baloratua. Barrenean dagoenak badaki nolako dedikazioa egiten duen,  badaki zein behar dauden eta zer egiten ahal den, eta kanpotik dagoenak gainetik egindako analisiak egiten ditu.

Zergatik aurkeztu zinen?
Holako kontuak beti gustatu izan zaizkit. Duela 30 bat urte ere ibili nintzen eta orain, jubilatukoan, denbora herriari eskaintzeko aukera ikusi dut.

Orain dela 30 urteko nolako oroitzapenak dituzu?
Denetarik bada, baina orokorrean positiboak, herriaren egunerokoan parte hartzeko aukera izan nuelako. Hori oinarrizkoa da. Ezin dugu beti pankarta gibelean egon, tarteka aitzinera atera behar da. 

Taldea osatzea zaila izan zen?
Bilera bat egin genuen baina ez zen jende aunitzik hurbildu eta bateri eta bertzeari galdeka ibili behar izan genuen. Halere, azkenean, konplikazio handirik gabe, osatu genuen. 

«Gure aurrekontua ttikia da, 60.000 bat eurokoa, eta horrekin ez duzu gauza handirik egiten ahal»

Gaur egun nolako martxa duzue?
Nahiko martxa erraza dugu. Gure aurrekontua ttikia da, 60.000 bat eurokoa, eta horrekin ez duzu gauza handirik egiten ahal. 30.000 eurora ailegatzen diren gastu finkoak badira eta bertze horrenbertze gelditzen da inbertsioetarako. Baina, normalean, inbertsioak handiak izaten dira eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren esperoan egon behar izaten da. Hala, egunerokoan herriaren mantentze lan ttikietan aritzen gara: argiteria, hoditerira, karrikak...

Zein dira gastu nagusiak?
Bere garaian egin zen aterpeak sortutako gastuetara bideratzen dugu aurrekontuaren erdia baino gehiago. Baina kontent gaude egindako lanarekin. 

«Eskolan berritze-lanak eta ezintasun fisikoak dituztenendako egokitze-lanak egiten ari gara»

Bertze proiekturik baduzue?
Nafarroako Gobernutik eskola konpontzeko dirulaguntza lortu dugu. 30.000 bat euroko aurrekontua duen proiektua aurkeztu genuen eta %70a diruz lagunduko du. Horrekin ari gara orain, nahitaez hurrengo ikasturtea hasi baino lehen egin beharra baita. Berritze eta ezintasun fisikoak dituztenendako egokitze-lanak izanen dira. Argiteria ere berrituko dugu, LED argiak paratuz. 

Zein eskumen ditu kontzejuak?
Alde batetik, bere jabetasun guztien gestioaz arduratzen da, hau da, mendiez, komunala den guztiaz eta horren barne, bertzeak bertze, bideez. Bertzetik, bestak eta hilerria kudeatzen ditu eta gure kasuan, Bertizaranako Udalarekin hala adostua dugulako, ur sarearen eta eskolaren kudeaketaz arduratzen da. Legez, udalaren eskumenak dira baina kontzejuak hala nahi izanez gero eskualda daitezkeenak. 

Udalarekin zein harreman duzue?
Horretarako batzordea badugu eta urtean bizpahiru aldiz elkartzen gara, aurrekontuak egiterakoan, kontzejuak eskatutako obrak aztertzeko...

Koronabirusaren ondoriorik sumatu duzue?
Kontzejuko lanean ez, esku artean zerbait dugunean baino ez garelako biltzen eta zinegotziak karrikan ere egoten garelako. Baina gaitzarekin herriko emakumezko bat zendu izanak nahiko urduritasun sortu zuen. Baina gainditu zen eta gainerakoan ongi gaude. 

Bestekin zer egin erabaki duzue?
Inguruko bertze herrietan bezala, guk ere bestak bertan behera uztea erabaki dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun