Konfinamenduaren aitzinetik, itxialdi garaian eta ondotik «egunerokoa lasai-lasaia» duela kontatu digu Narbarten bizi den Carmentxu Garrido Martinezek (Elbete, 1934): «baratzean, loreekin, laboreak egiten, josten, seme-alabei konponketak egiten, paseotxoak emanez...». Halakoxea izan ohi zen bere egunerokoa. Berak dioen bezala, «bizitza arrunta eginez, eta seme-alabak etortzen zirenean haiekin ateraz» bizi zen.
Etxean konfinatzeko aginduarekin egunerokoa «aunitz aldatu ez zitzaiola» dioen arren, sumatu zuen zerbait, martxoaren erdialdetik maiatzaren 2ra arte etxetik atera gabe egon baitzen: «bi edo hiru egunean behin baratzera baino ez nintzen joaten, barazkiak eske. Gainerakoan ez naiz deus ere atera». Hasieran «gogorra» egin zitzaiola azaldu digu, baina denborarekin, «ohitu» omen zen, eta ez omen zuen deusen faltarik izan, «barride zoragarriak ditudalako». Hain zuzen, barrideen laguntza izan da nabarmendu nahi izan duena: «2011n alargundu nintzen eta seme-alaba guztiak Frantzian bizi dira. Barrideek bakarrik nagoenetik eskaini didaten laguntza izugarria izan da. Konfinamendu garaian ere, arrunt ongi portatu dira nirekin, ez dut deusez kezkatu beharrik izan, behar nuen guztia ekarri didate eta arrunt eskertua nago. Saritzea merezi lukete».
«Seme-alabekin eta bilobekin egunero bideodei edo telefono bidez egon naiz eta ez zait hain gogorra egin konfinamendua. Are okerragoa izan da telebistan ikusitakoa»
Barrideen arrimuan, eta «Elgorriagan bizi den ilobaren laguntzarekin» pasatu zuen itxialdia, eta «Frantzian bizi diren hiru semeekin, alabarekin eta 11 bilobarekin egunero mintzatzeak» ere lagundu zion egunerokoa aritzen: «egunero-egunero egoten naiz bideodei edo telefono bidez eta horregatik ez zait hain gogorra egin haiek ikusi gabe egotea». Beretako, are okerragoa izan da «zer gertatzen ari den telebistan ikustea».
Itxialdia gibelean utzita, gaur egun, «normaltasunera» bueltatu dela dio Garridok: «erosketak egitera edo paseatzera normal-normal joaten naiz». Baina Covid-19a «kezkatzeko gaia» delakoan dago eta «neurri guztiak garrantzitsuak eta hartu beharrekoak iruditzen zaizkit». Horregatik kanpora ateratzen den aldi bakoitzean «maskara eta eskuetarako gel hidroalkoholikoa» erabiltzen dituela aitortu digu.