Bertizko Jaurerria Parke Naturalak Ingurumen-arloko Hezkuntza kanpaina hurbilduko du etxeetara

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 27a, 07:29
Natura Interpretatzeko Zentroko ikusentzunezkoekin batera, informazio topatzeko webgune eta bertzelako tresnak eskainiko dira, zeinak baliogarriak izango diren proposatzen diren froga eta fitxak betetzeko.

Web orrialdearen eta sare sozialen bitartez, programazio birtual interaktiboa abian jarri du Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko ikasleentzat eta publikoarentzat oro har

 

COVID-19ak eragindako Alarma-Egoeraren baldintza berezietan, Bertizko Jaurerria Parke Naturalak ikastetxeei eskainitako Ingurumen-arloko Hezkuntzako ohiko kanpaina ikasleen etxeetara hurbiltzea aurreikusi du. Apirilaren 17an hasiko da programazio berezia eta Parkea bera jada hasi da ikastetxeei zuzendutako eskaintza zabaltzen.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kudeatzen du Natura Parkea eta hala, Bioaniztasun Zerbitzuak koordinatu du proposamena. Etxetik naturgunera bisita egin nahi duzu? goiburupean bertzelako programazio honek bortz astetan zehar egin daitezkeen ekintzak proposatzen ditu, horretarako astero argitaratuko dira edukiak Parkeko webgunearen eta sare sozialen bitartez: Natura Interpretatzeko Zentroko ikusentzunezkoekin batera, informazio topatzeko webgune eta bertzelako tresnak eskainiko dira, zeinak baliogarriak izango diren proposatzen diren froga eta fitxak betetzeko.

Parkeko laguntzaileek programaren jarraipena eginen dute webgunean eta sare sozialetan eta ekintza guztien amaieran, iritzia emateko inkestarekin batera egindako ekintzen erantzunak emanen dira ebaluazioa egin ahal izateko. Bost aste iraunen dituen ingurumen-heziketako ekimen honetan gai hauek jorratuko dira: Zer da Bertizko Jaurerria?; Kantauri isurialdeko bailaratan; Historia apur bat; Bertiz, Natur Parkea; Euria egingo du?; Basoa; Basoaren Kudeaketa; Fauna; Okilak (pizidoak); Zuhaitza hiltzen denean; eta Ikatza, basoaren sekretuetariko bat.

Ekintza horiek Nafarroako ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleei daude zuzenduak, hots, 8 eta 12 urte bitarteko 3. eta 6. maila arteko haurrei, nahiz eta, Parketik adierazi denez Bertiz bertze modu batera ezagutzeko interesa duen edonork har dezakeen parte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun