«Ahizpari gertatu zitzaionarekin bizitzen ikasi dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 22a, 16:00
Ezkerretik hasita, Uxoa, Olatz eta Esti, Jaione ageri den argazkia gibelean dutela.

Esti, Olatz eta Uxoa MUTUBERRIA MENDIKOA
Narbarteko ahizpak

Duela 14 urte ahizpa galdu zuten auto istripu batean. Egun hartaz mintzatu dira Ttipi-Ttaparekin eta garbi dute halako ezbeharrak saihesteko neurriak hartu behar direla.

Ez dute atzendua zoritxarreko egun ilun hura. Heriotza parez pare, bere gordintasunean, ezagutu zuten eguna. 2006ko maiatzaren 6a zen Jaione Mutuberria Mendikoa (Narbarte, 1987) auto istripuz hil zenean.  18 urte baino ez zituen eta albisteak gogor astindu zuen bere ingurua; kolpe handia izan zen eta zer erranik ez Jaioneren ahizpa Esti (1989), Olatz (1994) eta Uxoarentzat (1996). 
Lau senideen artean zaharrena zen Jaione, «neska alaia, bestazalea, umoretsua, langilea eta arduratsua» zela erranez oroitzen dute hiru ahizpek eta gehiago ere aitortu dute: «ttikitatik gure erreferentea zen». 14 urte beranduago, gai dira egun hartaz eta eragindako minaz, halako ezbeharrak gertatzean sentitzen duten «penaz eta enpatiaz» eta errepideak sorrarazten dien «errespetuaz» solas egiteko. Halere, onartu digutenez, «elkarrizketa honetan jakin dugu bakoitzak nola bizitu genuen eta nola izan genuen gertatutakoaren berri; etxean, ez gara inoiz solastatu».

Auto istripua
Istripua Oronoz-Mugairi eta Arraioz lotzen dituen N-121-B errepidean gertatu zen. Itxura denez, bidean olioa isuria zen, eta euriarekin errepidea bustia zegoen; Jaionek autoaren kontrola galdu eta parean zetorren autoa jo zuen eta paretaren kontra gelditu zen.

Larunbat euritsu hura
Estik 17 urte eginak eta Olatzek 12 eta Uxoak 10 urte betetzear zituzten ahizpa galdu zutenean. Geroztik, eguna oroimenean iltzatua dute. Olatzek, erraterako, gogoan du «larunbata» eta «egun euritsua» zela. Esti ere xehetasun handiz oroitzen da egunaz. Ahizpa gazteenak baserrian eta gurasoak mendian zeudela, bera izan zen etxera egin zuten telefono dei batekin lehenbiziko zanpatekoa hartu zuena. «Jaionek eta biok elkarrekin gosaldu genuen eta gero, astebururo bezala, lanera abiatu zen. Eguerdiko ordu bata eta laurden aldera Elbeteko Belenek deitu zuen etxera, Jaione ez zela lanera ailegatu eta harrituta zegoela erranez». Orduantxe hasi zen urduritzen: «Jaioneri mugikorrera deika hasi nintzaion baina ez zidan erantzuten. Bere mutil-lagunari deitu nion, eta Mugairin istripu bat izan zela eta hildakoak izan zirela erranez arrebak deitu ziola kontatu zidan». Hori aditu orduko hasi zen laguntza eske: «gidabaimenik ez nuenez, etxetik atera eta solasean ikusi nituen lagunetako bati Mugairira eramateko eskatu nion». 
Istripua gertatu zen tokira ailegatu aitzinetik «garabi gainean bertze kotxea» ikusi zuenean, «okerrena» pentsatu omen zuen. Ailegatu zenean, guardia zibilek bidea moztua zutela gogoan du eta «oinez hurbilduta» ezagutu zuen kotxea. «Kotxekoaren ahizpa nintzela erran nien oihuka eta hildakoa bera zela baieztatu zidaten, eta gorpua Iruñera eraman behar zutela». 
Egoerari buelta eman ezinda, gurasoei deitu zien lehenbizi: «hilda zegoela erran gabe, berehala etortzeko eskatu nien». Baina gurasoak menditik jaisterako «denbora aunitz» pasatu zenez, ailegatu aitzinetik amak hala eskatuta egia kontatu zien. «Hortik aitzinera amatxiri, familiakoei, bere mutil-lagunei, lantokikoei... denei abisatu genien».

«Onartezina da jendea modu horretan hiltzea»
Esti, Olatz eta Uxoa Mutuberria

Baserrian ezbeharraren berri
Olatzek eta Uxoak baserrian jakin zuten gertatuaren berri: «larunbatero bezala, aitatxi eta amatxirekin geunden baserrian eta gurasoak mendira joanak ziren ardiak eramatera», azaldu du Olatzek. Berak erantzun zuen Estik baserrira egindako deia: «arront urduri zegoela nabaritu nuen eta amatxirekin solas egin nahi zuela erran orduko amatxiri eman nion telefonoa». Telefonoa eskegitakoan, «Jaione eskaileratan erori zela eta buruan kolpea hartuta Iruñera eraman behar zutela erran zidan amatxik». Kontatutakoa sinetsi eta hura- xe izan zen ahizpa gazteenari kontatu ziona. Agudo jakin zuten egiazko bertsioa: «Handik gutxira lehengusina eta izeba baserrira etorri ziren eta telefonoz ari zirela, Jaione hil zela aditu nien. Uxoarengana joan nintzen kontatzera». Amatxiregana sukaldera hurbildutakoan baieztatu zien egia zela.

Ezkerretik hasita, Jaione, Esti, Olatz eta Uxoa Mutuberria Mendikoa ahizpak, adinaren arabera lerroan jarriak.

Elkarren babesean aitzinera
Gertatutakoa onartzea ez zitzaien erraza egin. «Dolua ikaragarria» izan zela diote: «momentu horietan ez duzu sinesten, dena beltza, isila eta hutsa da». Etxeko egoera «bortitza» ere gogoan dute: «bakoitzak gure mina genuen, baina min hori are zailagoa zen kolektiboa zelako. Denak gaizki geunden, min handiarekin, eta ingurura begiratu eta ikaragarrizko mina sumatzen genuen. Aita eta ama, gure babesle eta pilareak, lur jota ikustea arront zaila izan zen». 
Hasiera hartan jendearen babesak lagundu zien: «familia, lagunak, barrideak... hasieran jendea gurekin egon zen eta denei aunitz eskertzen diegu. Baina bizitzak jarraitzen du eta bakoitzak bere bidea hartu zuen. Orduan hasi ginen benetako hutsunea nabaritzen, egunerokoan». Bide horretan, esker oneko hitzak dituzte Iratxe lehengusinarentzat: «lehendik ere harreman arront estua genuen berarekin, baina ezbeharraren ondotik, ia egunero gurekin egon zen, errate- ko moduan etxean gurekin bizi zen, eta horrek aunitz lagundu zigun». Etxean elkar babestuz segitu zuten bidea eginez: «betitik arront elkartuak izan gara etxean, bai ahizpak baita gurasoak ere, eta honela egin genuen aitzinera», maiz «arront egun txarrak» pasatuz, «bereziki lehenbiziko urtean, mingarria» izan zelako.

«Mina gainditzea are zailagoa da kolektiboa denean»

Bizitzako ikasbidea 
Badira oroimenean beti gordeko dituzten kontuak. Istripuaren tokia, adibidez, memorian dute: «bere azkeneko arnasa hartu zuen lekuan plaka bat paratu genuen eta guretako beti leku berezia izanen da. Egunero ez bada, maiz pasatzen gara bertatik, eta txukun mantentzen saiatzen gara». Gainera, hasieran hortik pasatzean «arraro» sentitzen baziren ere, «orain naturaltasunez» egiten dute bidea. Autoa hartzea ere ez da kezka iturri izan: «adina bete ahala hirurok gidabaimena berehala atera genuen; gurasoek animatuta, beraiek ere lan handia egin dute horretan». 
Errepideari, ordea, «errespetua» diote, «segurtasunez gidatu arren, inoiz ez baitakigu zer gerta daitekeen». N-121-A ren kasuan, «onartezina» iruditzen zaie «jendea modu horretan hiltzea. Orain artekoak galdu ditugun arren, hemendik aitzinerakoak saihesten saiatu behar dugu eta guk ere gure esku dagoen guztia eginen dugu». Halakoak saihesteko «norberak egin dezakeenaz» eta administrazioak hartu beharreko neurriez aritu dira: «mugikorra, abiadura, arreta, errespetua, presak alde batera utzi... denok dakizkigu baina maiz atzentzen zaizkigu. Horrez gain, errepide horretan ibiltzen den ibilgailu kopuruak ez du batere laguntzen. A-15 autobidea dohainik izateak hemengo trafikoa murrizten lagunduko luke». Etxean tokatu zaienarekin, «lasaiago» gelditzen omen dira «hurbilekoak ongi ailegatu direla abisatzen digutenean, batez ere ezohiko bidaietan». 
Istripuen berri izateak ere ezinegona sortzen die, baita «beldurra» ere: «lehenbizi etxekoei deika hasten gara ongi dauden jakiteko». Baina etxekoa ez denean ere «pena handia» sentitzen dute, baita «enpatia» ere, «heldu zaiena zer den badakigulako. Ezagunak izanez gero, doluminak ematera joaten gara eta momentu horietan gure mina azaleratzen zaigu. Batzuetan uste baino gogorragoa egiten zaigu».
Erran beharrik ez dago ahizpa beti izanen dutela bihotzean, «Jaioneren oroitzapenak eta bere anekdotak» oroimenean izanen dituztela, eta orain arte bezala, «egunero» oroituko direla beraz. Halere, argi dute: «bizitzak jarraitzen du eta guk horrekin bizitzen ikasi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun