Haurrek piztutako inauteri giroari gazte eta helduek emanen diote segida Narbarten

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 18a, 10:30
Ortzirale eta larunbatean gazte eta helduen txanda izanen da.

Asteazken eta ortzegunean haurrak izanen dira protagonista eta ortzirale eta larunbatean gazte eta helduak.

Hastear dira Narbarteko inauteriak. Haurrak izanen dira asteazken arratsalde honetan, inauteriei hasiera emanen dietenak. Mozorroak soinean, baserriz baserri eskean ibiliko dira gurasoen laguntzarekin. Ortzegunean, berriz, eskolatik kalejira eginen dute. Mozorroak jantzita herrian barna ibiliko dira. Eguerdian bazkaltzeko bilduko dira eta arratsaldean jokoak izanen dituzte, tartean oilar jokoa. Ondotik, txokolatea eskainiko dute biltzen diren guztiendako.

Ortziralean mozorro lehiaketa

Ortzirale ilunabarrean gazteek haurrei hartuko diete lekukoa. 20:30ean Herriko Ostatuan bilduko dira afaltzeko. Mozorroturik joateko deia egin dute, hartara, afalondoan eginen den mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera izanen baitute. Bestan segitu nahi duenak aukera ederra izanen du horretarako, 00:00etatik 05:00etara Txingudi DJa gonbidatu baitute. 

Larunbatean, berriz, bezperako bestondoa pasatzeko denbora aunitzik gabe, gazteak 11:00etan elkartuko dira, aldi honetan ere mozorrotuta. Indarrak hartzeko Herriko Ostatuan gosaldu ondotik, 12:00etan plazatik abiatuta etxez etxe ibiliko dira.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun