Hamaika egitekoren artean, zaletasunari tarte egiteko modua bilatzen du: «kirol guztiak ditut gustuko, bereziki lasterka ibiltzea». Haurtzarotik datorkio hori. Hala ere, «2011ko Behobia-Donostia lasterketarako prestaketak ezkero» ez da gelditu: «mendi-lasterketetan hasi nintzen, Goierriko Bi Handiak, Euskal Herriko Mendi Erronka, mendi maratoi erdiak... orain, berriz, asfaltoan nabil».
Berriki, Behobia-Donostia lasterketan parte hartu du, «zazpigarren aldia izan da». Aitzinekoetan baino guttiago prestatu da «orkatilan lesio bat» izan duelako: «gogor hilabete inguru ibili naiz». Hori gutti balitz, eguraldia ez zuten lagun izan: «lehendabiziko bortz kilometroetan euri erauntsiak gogor harrapatu gintuen». Lesioa zaindu eta euritik ihes eginez, emaitza ederra lortu zuen Elizagoienek: «nire marka hobetzeak eta eskualdeko lehena izateak ilusioa egin zidan».
Ez da punta-puntan ibili den lehendabiziko aldia, ezta aurtengo garaipen bakarra ere, Iruritako II. Mendi Duatloian ere podioan ikusi baikenuen: «eskualdeko lasterketak bereziak dira eta hori irabaztea sorpresa polita izan zen». Hori guztia, ordea, ez da bere kasa ailegatzen. Kontatu digunez, astean «hiruzpalautan» laster egiteko tartea hartzen du: «lasaitzeko baliagarri zait eta jende on aunitz ezagutzeko aukera izan dut».
Normalean, «Bertiz inguruan» ibiltzen da Elizagoien: «gustuko dut horra joatea». Dena den, inguruan baliabide gehiago eskertuko lituzke: «eskualdean atletismo pista on baten falta sumatzen dut». Agerikoa da bere zaletasuna eta, gogoa izanez gero, dena lor litekeela erakusten du bere jarrerak.
Alde batzuk utzi, bertzeak irabazi. Halaxe aritu da orain artean: «kirolari eta parrandazale izan naiz. Orain, bertze martxa batzuk hartuta besta alde batera utzia dut baina noizean behin lagunekin elkartu eta egiten dut... San Andres Egunean, erraterako, normalean bazkarira joaten naiz». Ohitura onak hartzea eta bizitza bizitzea zilegi den seinale...