Asteburu honetan hasiko dira Nafarroako Gobernuaren 'Misteriozko baso eta mahastiak' programako ekintzak

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 13a, 12:00
Bertizko basoa ezagutzeko aukera izanen da igandean eta ondotik, bertako produktuak dastatzekoa.

Mendukiloko kobara bisita mitologiko antzeztua, Aralarko San Miguelen ilargi gaua eta Berrizen zaporedun bideak larunbat eta iganderako proposamenak

Asteburu honetan hasiko dira Nafarroako Gobernuak udazkenean Nafarroako turismo ekintzak sustatzeko antolatutako “Misteriozko baso eta mahastiak” programako ekintzak. Mendukilo kobara bisita mitologiko antzeztua, Aralarko San Miguelen ilargi gaua eta Bertizen zaporedun bideak, tokiko produktuen dastaketa eta ibilaldia elkartzen dituen ekintza dira larunbat eta iganderako proposamenetariko batzuk.

Eskualdean eskaintza zabala Baztan-Bidasoa Turismoaren eskutik

Udazkenean zehar hainbat ekintza proposatu ditu Nafarroako Gobernuak eta horretan parte hartuko du, Baztan-Bidasoa Turismoak. Elkarteko enpresek, udazken berezia bizitzeko aukera eskainiko dute, udazkeneko magian murgiltzeko esperientziak guztiak.

Orbela, mendi gidariak Xorroxin ezagutzeko aukera eskainiko du urriaren 12an, azaroaren 2an eta abenduaren 6an.

Navarra al Natural enpresak, berriz, Bertizeko basoan murgiltzeko parada eskainiko du eta bisita akitzerakoan, IXIART artisautza dendan bertako produktuen dastaketa izanen da. Ekintza haun igande honetan, irailaren 15ean eginen dute lehen aldiz eta urriaren 30ean eta azaroaren 9n errepikatuko dute.

Ordoki Zalditegiaren eskutik, trostan, Arizkungo paisaiak ikusteko modua izanen da irailaren 22an eta urriaren 27an.

Bizikletaz ibiltzea gustoko baduzu,  Ameztia BTTk Bidasoko Bide Berdean barna eramanen zaitu pedalak astintzen urriaren 23an eta azaroaren 23an.

Misterioa eta literatura nahi izanez gero, Zaindari Ikustezina izan daiteke gidaria, Baztan Trilogia filma grabatu zen eszenatokietan barna bisita egiteko, urriaren 19an, azaroaren 10ean eta azaroaren 23an.

Baztan-Bidasoa Turismoak eskaintzen dituen bisiten barnean daude Urdazubi eta Zugarramurdiko lezeak ere.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun