Asteazken goizean hasiko dituzte Legasako bestak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 26a, 06:47
Aurten ere, larunbatean erraldoien topaketa eginen dute.

Igandea bitarte hainbat ekitaldi izanen dituzte

Asteazkenean, bertzeak bertze, goizean aurorak, Errekako dantzari ttikien saioa eta luntxa izanen dituzte eta arratsaldean, erraldoiak herrian barna ibiliko dira eta kultur arteko erakustaldia ere antolatu dute. San Agustin Eguna borobiltzeko dantzaldia ere izanen dute eta zezensuzkoa ere aterako dute.

Egunez egun hau izanen da Legasako bestetako egitaraua:

Abuztuak 28, asteazkena
09:00etan aurorak izanen dituzte eta 10:00etan plazan gosaltzeko bilduko dira. 11:30eko mezaren ondotik Doneztebeko Erreka dantza taldeko dantzari ttikiek euren emanaldia eskainiko dute plazan. Segidan, toki berean luntxa izanen da. 18:00etan erraldoiak aterako dira eta herrian barna ibiliko dira. Bien bitartean kultur arteko erakustaldia izanen da plazan eta 19:00etatik 22:00etara Hauspolariek taldearekin dantzaldia izanen da. 22:00etan zezensuzkoa aterako dute.

Abuztuak 29, ortzeguna
Ortzegunean haurrek hartuko dute protagonismoa. 15:00etatik aitzinera haurrendako ekintzak izanen dira. 20:00etan, berriz, txupinazoa botako dute eta danbor soinuak ere orduan hasiko dira. Buruhandiak ere batetik bertzera ibiliko dira. 21:00etan zopak eskainiko dituzte Kattalin aterpean eta 00:00etatik aitzinera Jotatxo DJa ariko da.

Abuztuak 30, ortziralea
Ortziralean ere haurrek non gozatua izanen dute, goizez eta arratsaldez eurendako jokoak izanen baitira. Eguerdian herriko haurrendako krosa antolatu dute. 17:30ean mus txapelketa jokatuko da plazan eta 20:00etan, berriz, dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin. 21:00etan xingar jatea antolatu dute eta 22:00etan zezensuzkoa aterako da. 00:00etatik aitzinera Gabenara taldearekin dantzaldia izanen da plazan.

Abuztuak 31, larunbata
09:00etan diana joko dute eta 11:30ean erraldoien topaketari hasiera emanen diote. 14:00etan zikiro jatea eginen dute eta ondotik Txingudi DJa ariko da. Gauez, berriz, Trikidantz taldeak hartuko du lekukoa.

Irailak 1, igandea
Bestetako hondarreko eguna izanen dute igandea. 09:00etan diana joko dute eta 11:00etan pilota partidak jokatuko dituzte frontoian. 12:30ean trikitixa eta pandereta jaialdia hasiko da. 18:00etan herri-kirolaz gozatzeko aukera izanen da eta 19:00etan talo jatea antolatu dute. 20:00etatik aitzinera Los Tenampas mariatxi taldeak bere emanaldia eskainiko du eta bestak borobiltzeko 21:30ean zezensuzkoa aterako dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun