Motorzaleen gozamenerako II. Enduro Indoor proba jokatuko dute larunbat honetan Narbarten

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 22a, 07:52

09:30ean kategoriatan banatuta entrenamenduak eginen dituzte haur motorzale zein helduek eta 10:40an hasiko dira lehenbiziko txandarekin. 13:30ean sari banaketa eginen dute. Argazkia: Faustogarde.blogspot.

Joan den urtean bezala, Moto Club Ziki Team taldeak Enduro Indoor proba antolatu du Narbarteko besten barne. Larunbat honetan, abuztuak 24, egina dute hitzordua eta 07:45erako nabarituko da mugimendua. Ordu horretan hasi eta 08:30 arte egiaztatze administratiboak eta teknikoak eginen dituzte. 09:00etan izena eman dutenen zerrenda argitaratuko dute eta 09:30ean haurrek zirkuituan entrenatzeko aukera izanen dute. 09:50ean, berriz, beteranoek izanen dute entrenamendurako tartea eta 10:15ean senior mailako motorzaleek eta junior mailakoek.

10:40an hasiko da promozio mailakoen lehenbiziko saioa eta 11:05ean beteranoena. 11:45ean seniorren eta juniorren txanda izanen da. 12:05ean, berriz, bigarren txandei ekinen diete: ordu horretan haurrak ibiliko dira, 12:30ean beteranoak eta 13:00etan seniorrak eta juniorrak.

Saioa borobiltzeko 13:30ean sariak banatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun