Hainbat lurraldetako 24 gazte ari dira Bertizko Natur Parkeko boluntarioen auzolandegian

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 25a, 13:00
Gazteek aste honetan Eva García Balaguer, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari orokorraren eta Adela González, Gazteriako zuzendariordeararen bisita jaso dute.

Uztailaren 16tik 30era ariko dira parkeko lorategi botanikoa egokitu eta hobetzeko lanak egiten

24 gazte ari dira parte hartzen pasa den uztailaren 16a geroztik Bertizeko Natur Parkean egiten ari diren boluntarioen auzolandegian. Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak eta Lurralde eta Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Orokorrak antolatuta, datorren uztailaren 30a bitartean, hainbat jatorri eta lurraldetako gazteek, parkeko lorategi botanikoa egokitu eta hobetzeko lanak eginen dituzte.

Gazteek aste honetan Eva García Balaguer, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari orokorraren eta Adela González, Gazteriako zuzendariordeararen bisita jaso dute. Bertan gazteek egindako lanak ezagutu dituzte.

Egonaldian zehar, lan fisikoarekin batera aisialdiko bestelako ekintzak ere egiten dituzte elkartasuna, adiskidetza, inklusioa, lanerako ahalmena zein talde lana landuz. Hain zuzen ere, ekintza honen helburu nagusia jatorri ezberdineko gazteen arteko harreman pertsonalak eta kultura artekoak sustatzea da, Nafarroako ondarea eta natura babesteko neurriak hartzearekin batera.

 

Boluntarioendako bost auzolandegi Nafarroan

Bertizko bolondresen auzolandegiarekin batera, uztaila eta abuztuan zehar Nafarroan nazioarte mailako beste bi ere ari dira gauzatzen Lizarran eta Baztanen. Lehendabizikoa Kulturako Zuzendaritza Orokorrarekin elkarlanean eta bigarrena, Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Orokorrarekin. Eta bi gainontzeko erkidegoetako gazteekin Baztan eta Urbasan. Orotara, 16 eta 30 urte bitarteko, 123 gazte ari dira parte hartzen.

Bestalde, 98 plaza eskaini dira estatuko hainbat tokitarako, 36 nazioarteko auzolandegietarako eta 23 euskaraz Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoan egonaldiak egiteko.

Gazteen mugikortasuna eta elkartasun proiektuetan kultura arteko gazteen topaketa sustatzea helburu duten programa hauetan honako jatorria duten gazteak ari dira parte hartzen: Andaluzia, EAE, Errioxa, Galizia, Murtzia, Asturias, Aragoi, Cantabria, Gaztela eta Leon, Gaztela Mantxa, Katalunia, Valentzia, Extremadura edo Madril; eta Frantzia, India, Japonia, Erresuma Batua, Errusia, etab.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun