Aizkolegi Jauregia zaharberritzeko proiektua idazteko eskatuko du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 29a, 12:00
Bertizko patronatua asteazkenean bildu zen eta zaharberritutako beiratea ikusteko aukera ere izan zuen.

Bertizko Patronatuak, instalazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzeko 2018an burututako eta 2019rako aurreikusitako jarduerak ezagutu ditu martxoaren 27ko bileran

Nafarroako Gobernuak aurten enkargatuko du Bertiz Jaurerria Natur Parkeko punturik altuenean aurkitzen den Aizkolegi Jauregia zaharberritzeko proiektua idazteko. XX. mendearen hasiera aldeko eraikin modernista da, egoera arras kaxkarrean egoteagatik itxita dagoena. 

Asteazken honetan, Parkearen Patronatuko kideak bildu dira Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalderen lehendakaritzapean, eta horrela jakinarazi diete. Bileran, azpiegituren, erabilera publikoaren eta kontserbazioaren aldetik, 2018an egindako jarduera nagusiak errepasatu dituzte, 2019ko egungo ekitaldirako aurreikusitakoak aurkeztearekin batera. Nafarroako Gobernuak 600.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusten du.

Bileran azaldu dutenez, Ingurumenak Aizkolegi Jauregia zaharberritzeko proiektua idazteko lanak kontratatuko ditu. Proposamenean, estalkia berritzeko lanak eta hormak eta zutabeak konpontzeko lan zehatzak jasoko dira, egitura aldetik finkatze aldera; halaber, kanpoko zaharberritze-lanak ere agertu beharko dira. Horretarako, 100.000 euroko aurrekontua du. Horrez gain, eta 2018an hasitako lanarekin jarraituz, eraikina kontserbatzeko larrialdiko jarduerak ere egiten jarraituko du, 40.000 euro inguruko zenbatekoarekin.

Aurtengo urtean zehar, Bertizeko erabilera publikorako diren azpiegitura nagusiak berrikustea eta eguneratzea aurreikusten da. Modu horretan, Zabala Etxea aterpea egokituko da, jauregian gasolio-galdararen ordez biomasako galdara jartzeko izapideak egiten hasiko dira, eta Parke Naturalaren web orrialdea berrituko da, besteak beste.

Kontserbazio naturaleko lanei dagokienez, Natur Parkeak inbentario bat egingo du Bertizeko basoaren bilakaera aztertzeko, 2008. urtean egindako azkenarekin alderatze aldera.

 

Ingurumen-hezkuntza

Patroiei adierazi bezala, 2018an zehar ingurumen-hezkuntzako jarduera bultzatu da Nafarroako Gobernuko erakunde eta departamentu ezberdinekin batera. Modu horretan, besteak beste, CENEAMen mintegia egin zen lehen aldiz ekainean, interpretazio-ibilbideak diseinatzearen inguruan, eta, bertan, hogeita hamar bat espezialistak hartu zuten parte.

Bestalde, Iruñeko Arte Eskolako ikasleak Bertizko Jaurerria Natur Parkearekin batera aritu dira lorategi Historiko Artistikoko Libanoko zedroa egokitzen, ikasleen zurezko eskulturen erakustegi gisa. Lorategi honetako alerik ikusgarrienetarikoa da, 130 urtetik gorakoa; oso hondatuta aurkitzen zenez, ezinbestekoa zen jardutea arriskuak saihesteko.

Bertizko Jauregian egin zen Nafarroako Javier Ciga pintorearen erakusketa, Kultur programaren esparruan. Gainera, eta bigarren urtez jarraian, 25 gaztek parte hartu zuten gazteen nazioarteko ingurumen boluntariotzako udako kanpamentuan, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean.

 

Espezie exotikoen aurkako borroka

Bileran, halaber, basoko espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzeko lanean hasi direla jakinarazi dute, parkean sartu diren zenbait espezie biodibertsitaterako mehatxu baitira, habitat naturalak eta prozesu ekologikoak aldatzeagatik. Arazo handieneko espezieak ezabatzen hasi dira, bereziki lorategitik basoa inbaditzen ari direnak; hala nola, laurozerasoa, palmondoa, banbu berdea, kakiondoa eta fallopia.

Inbaditzaileen arazoa ezagutzera emateko helburuarekin, irailean Parkean egindako Ate Irekien Egunean, borondatez lan egiteko saioa antolatu zen lehen aldiz, eta 35 pertsonak bi orga-atoi osatu zituzten palmondo eta kakiondoekin. 

Kontserbatze-arloan, harizti atlantikoaren baso-dinamikaren azterketa egin da, duela 10 urte aztertutako partzela zehatzean. Lanari esker, basoaren bilakaera historikoa hobeto ezagutu ahal izan da. Partzelako zuhaitz zaharrenak 200 urtetik gorako haritzak dira, Bertiz zona irekiagoa zenekoak, gaztainondo eta haritzen larreekin. Denbora igaro ahala, eta basoko lan gehienak egiteari utzi ondoren, basoa ixten joan da, eta pagoa ikusgarri birsortu da, egun espezierik ugariena bihurtu arte.

 

84.000 bisitari

2018. urtean, bisitarien kopuruak apur bat behera egin du azken urteetan gertatzen ari zen gorakadaren aurrean. Iazko urtean zehar, guztira 84.071 bisitari erregistratu dira, 2017an baino %6,15 gutxiago.

Bisitari gehienak abuztuan izaten dira (14.639). Aste Santuan eta udan beherakada nabarmena izan da 2017arekin alderatuta. Baina bisita gehiago izan dira urteko azken bi hilabeteetan (ia 4.000 pertsona gehiago). Lorategi Historiko Artistikoko bisitarien kopurua 50.000 pertsona ingurukoa da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun