Basoen Munduko Eguna ospatuko dute martxoaren 17an Bertizen

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 14a, 08:45
Bertizko oihana hobe ezagutzeko aukera izanen da igandean.

Bertizko Natur Parkean hainbat jarduera eskainiko dituzte egun osoan eta lorategira sarrera doan izanen da egun osoan.

Bertizko Jaurerria Natur Parkeak Basoen Munduko Eguna ospatuko du bigarren urtez. Martxoaren 17an, igandearekin, hainbat jarduera eginen dituzte, duen zabaleragatik baita duen balio ekologikoarengatik ere Bidasoaldeko oihan berezi eta ederrenetako honi buruz, informatu eta erakusteko. 

Egun honek, NBEko Batzar Orokorrean horrela adostuta, pertsonen bizitzan oihanek duten garrantziaz gizartea kontzientziatzeko helburua dauka, baita ingurumen iraunkortasunean, elikaduraren segurtasunean eta pobreziaren desagertzean betetzen duten paper erabakigarriaz ere. Aurtengo leloa honako hau da: Hezkuntza eta Basoak. Basoa maitatzen ikasi ezazu!

 

Egitaraua

11:30etik 12:30era Bertizko Jaurerriaren Basoaren 500 urteko historia solasaldi interesgarria eskainiko du Jesus Garitacelaya Saldise mendi ingeniariak.

12:30ean, 2019.urtean eginen den Bertizko Jaurerriko Natur Parkearen argazki lehiaketako oinarrien aurkezpena eginen dute.

12:40ean, Bizitza oso bat zuhaitzez gozatzen argazki erakusketaren aurkezpen eta bisita, Luis Lansa eta Vicente Garroren eskutik

11:30etik  13:30era, naturatik bildutako elementuekin haurrentzako tailerrak eskainiklo dituzte doan.

 

Bisita gidatua

12:30ean eta 16:00etan. Aizkolegiko Jauregiraino pista nagusitik basoan zehar mikrobusez bisita gidatua eskainiko dute, ordu eta erdi ingurukoa. Salneurria: 5 euro pertsonako. Izen-ematea telefonoz: 948 59 24 21 martxoaren 9tik aitzinera, honako ordutegian: 10:30etik 17:30era.

16:00etatik 17:30era, naturatik bildutako elementuekin haurrentzako tailerrak eskainiko dituzte doan.

Lorategi Historiko – Artistikora sarrera ere doan  izanen da egun osoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun