«Besta egitea, lagunekin denbora pasatzea, pandereta astintzea, musika entzutea...» gustuko duen 19 urteko gazte «alaia» da Zuriñe Bueno. Legasan sortu bazen ere, Narbarten bizi da egun. Bien bitartean, bizitzak berak hala bideratuta, eskualdeko bi herritan bizi izan da: «zazpi urte nituela Aurtitzera joan ginen eta han bost urtez bizi izan ginen. Ondotik, Zubietara jo genuen». Narbartera «duela bi urte» joan ziren.
Batean zein bertzean ederki laketu bada ere, gogoan ditu hasierako egun horiek: «lotsatu egiten nintzen... Zorionez, pixkanaka, harremana egin nuen eta orain gustura nago, lagun asko egin ditut hemen». Bizitokia aldatuagatik ez ditu han eta hemen eraikitako harremanak itzaltzen utzi, eta horri esker, gaur egun, txoko askotan ditu lagunak: «batzuekin planak egiten ditut eta besteekin bestara ateratzen naizenean egoten naiz». Guztien artean «aurtiztarrak» ditu gogoan: «bereziki inauteri eta bestetan haiekin elkartzeko aprobetxatzen dut». Ez da harritzekoa lagunak ez galtzea, «lagun on eta eskuzabalak» edonork eta edonon onartzen ditu eta.
Bere izaeraren adierazle dira, halaber, egin dituen ikasketak: «erizain laguntzailea izateko ikasketak egin nituen eta Elizondoko zahar-etxean ordezkapen bat egiten ari naiz». Hasieratik argi zuen zein izanen zen bere bidea: «besteak laguntzen eta zaintzen lan egin nahi nuen». Ogibide horrek «bihotza zabatzen» eta «norbere buruaz harro egoten» laguntzen duela iruditzen zaio.
Lan eta lan artean atseden hartzen ere badaki eta halakoetan «herrietako bestaren bat» baldin badago, ez du hutsik egiten: «giro polita izaten da». Biharamunean, berriz, lasaitasun ederra du eskura: «Bertiz bertan daukagu eta lagunekin edo familiakoekin arratsalde zoragarri bat pasatzeko txoko polita da». Plan bat edo bestea aski zaio zoriontsu izateko: «nire ondoan familia eta lagunak daudela jakitearekin nahikoa dut». Eguneroko zoriontasuna ageriko zaio irribarrean, baikorra da, ameslaria. «Ezer ez da ezinezkoa» berarentzat eta hortaz «atautxi, amatxi eta ama berriz besarkatzeko» ametsa ere bizi-bizi du.