Inauteriak otsailaren 28tik martxoaren 2ra ospatuko dituzte Narbarten

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 27a, 06:49
Giro ederra izanen dute aurten ere Narbarten.

Asteazkena eta ortzeguna haurren egunak izanen dira eta ortziralean gazteek hartuko dute lekukoa

Herriko gaztetxoek heldu den asteazkenean, hilaren 27an, hasiko dituzte inauteriak. Mozorroak jantzita herriko baserrietara joanen dira. Gurasoak lagun, eskean ibili ondotik, plazan txokolate beroa hartuko dute. 

Ortzegunean, otsailaren 28an, haurrendako jokoak

Ortzegunean, eskolak aitzinetik jarritako gaia ardatz mozorrotuko dira. Herrian barna ibili eta guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldean, haur jokoez gozatzeko aukera izanen dute. Oilarra harrapatuz akituko dituzte inauteriak herriko ttikiek.

 

Ortziralean mozorro-lehiaketa

Ortziralean, martxoaren 1ean, helduek hartuko dute lekukoa. Herriko Ostatuan afalduko dute. Mozorro-lehiaketa ere eginen dute eta denak etxera joan artean Txingudi DJak girotuko ditu bazterrak.

 

Martxoaren 2an afaria

Larunbatean 11:00etan bilduko dira. Gosaldu eta indarrak hartu ondotik, etxez etxe ibiliko dira, egun osoan. Inauteriak borobiltzeko 21:00etan afaria eginen dute. Parranda luzatzeko aukerarik ez da faltako.

Antolatzaileek otordu horietara joan nahi dutenek aitzinetik izena eman beharko dutela jakinarazi dute. Apuntatzeko dendan edo Herriko Ostatuan jakinarazi behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun