Jarraipen zabala izan du Legasako AMDS lantegiko lehen greba egunak

Jarraipen zabala izan du Legasako AMDS lantegiko lehen greba egunak
Lehen greba egunean elkarretaratzea ere egin dute langileek.

Urte hasiera honetan langile bat kaleratu zuten proba tartea gainditu ez zuela argudiatuz, lehenagotik bertan bortz urtez lan egin bazuen ere

Legasako AMDS Arcelor lantegiko Langileen Batzordeak hiru egunetarako greba deialdia egin du. Urtarrilaren 24koa, ortzegunekoa da lehenbizikoa eta jarraipen zabala izaten ari dela jakinarazi dute. Urtarrilaren 29an eta otsailaren 1ean gelditzeko deia ere egin dute. Helburua, urte hasiera honetan kaleratutako langile bat berriro hartzea. Proba tartea gainditu ez zuela argudiatu du zuzendaritzak, nahiz eta lehenagotik bortz urtez lanean aritua zen toki berean.

Duela urte batzuk Legasako AMDS Arcelor lantegian langile talde bat, arrazoi “objetiboak” zirela medio, kaleratua izan zen. Gerora, enpresa eta ordezkarien artean, kontratazio berriak egiterakoan langile horiek lehendabizikoak deituak izanen zirela adostu zen. Urteetan kontratazio berririk ez egin eta gero (duela lau urte 122 langile izatetik 54 izatera pasatu da), duela hilabete batzuk langile gutti batzuk sartzen hasi ziren, horien artean aipatutako taldeko langile bat, bortz urtez lanean aritua zena lehenagotik.

Langileen Batzordetik jakinarazi dutenez, «eskaini zitzaiona hiru urtetarako kontratu bat izan zen, luzatzeko aukera aunitzekin. Kontratu honek, gehienez sei hilabeteko proba tartea ezartzen zuen eta langilea bortz hilabete lanean eramaten zituenean tarte hori gainditu ez zuela erran zitzaion. Hau justifikatzeko erabilitako aitzakiak orokorrak eta gezurrak dira (subjetiboak azken finean), postu horretan bortz urtez lan egina zuen langile bat postura ez dela egokitu erranez eta behin baino gehiagoetan atentzioa deitu zaiola erranez holakorik gertatu ez denean». 

Hau kasu isolatu bat izatetik hagitz urrun dagoela uste du Langileen Batzordeak eta «lehenago aipatutako langile kopuru murrizketa basatiaren eta enpresaren desegitearen bertze ondorio bat baino ez da. Bere lankideak garbi dute, alde batetik ez dutela beraien lankide batek horrelako trataera bidegabea eta zikina jasotzea onartuko eta bertzetik planto egiten dutela enpresaren desegite estrategia honen aitzinean».

Horregatik hiru egunez, urtarrilaren 24koaren ondotik, hilaren 29an eta otsailaren 1ean ere (egun honetan elkarretaratze bat eginez Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuaren aitzinean) greba egunak deitu dituzte, argi utzita onartuko duten baldintza bakarra beraien lankidea berriro hartzea izanen dela.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun