«Album ilustratuak helduentzat ere badira»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 13a, 11:00

DANI MARTIRENA, Legasako idazlea

Legasarrak «egun argitaratzen den euskal literaturarekin atsegin handia» hartzen omen du, «aunitz gozatu dut azken aldian irakurri ditudan liburuekin». Euskarazko album ilustratuen kasuan, «azken urteotan iraultza» izan delakoan dago: «ikaragarri lan politak argitaratzen dira». Bide beretik aurkeztu digu Cosimoren katiuskak bere azken lana.

Epaimahaiak bai testuan eta bai ilustrazioan ere, liburu indartsua zela iritzita, joan den ekainean Etxepare Saria jaso zuen Dani Martirena idazle legasarraren eta Ana Ibañez ilustratzailearen Cosimoren katiuskak lanak. Sari horri esker, Pamiela argitaletxeak urrian argitaratu zien album ilustratua eta Martirenak kontatu digunez, «izugarri kontent» gelditu dira emaitzarekin. «Ibañezek eta biok elkarrekin argitaratu dugun hirugarren liburua da eta hango eta hemengo liburu-dendetan irakurleen arreta bereganatu nahian ikusteak ilusioa pizten digu». Gehiago ere kontatu digu: «hurbileko jendearendako gure proposamena atsegina izan da» eta bide beretik segitzea nahiko lukete: «ea liburuak bide polita egiten duen, hori da gure itxaropena».


Hiriko parke batean, zuhaitzean etxola egin duen Cosimori buruzko ipuina da. Honela azaldu digu legasarrak: «parkea desagertzeko arriskuan dago, baina Cosimok  parkeko gainerako parkezaleak lagun izanen ditu parke horren defentsan ibiltzeko. Cosimok zuhaitzetik ez dela jaitsiko erabakiko du hiriko parkerik ttikiena salbu ikusi arte». Horren harira, «liburuak hainbat irakurketa maila eskatzen dituela» uste du Martirenak, eta hori «ederra» da bere irudiko.


Liburua esku artean duenetik, «han eta hemen» aurkezpenak egiten ari da Martirena, baina aitortu digunez, «gerora, Anari eta bioi bertze libururen bat egitea gustatuko litzaiguke». Asmoa ba omen dute, «baita ideiak ere. Buruan errota hasia da jirabiran», dio. Album ilustratuen munduan dabilela aprobetxatuz, «haurrendako ez ezik, helduendako ere» badirela ere uste du legasarrak: «3 eta 103 urte bitartekoek irakur ditzakete. Egin froga!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun