Sanandresen harira, abenduaren 1ean bazkaria izanen dute Narbarten

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 28a, 08:58
Trinketean bilduko dira bazkarian.

Bezperan goizean luntxa eta arratsaldean txokolate beroa eskainiko dituzte 

San Andres Egunaren harira, ekitaldiak antolatu dituzte herrian. Heldu den ortzirale eta larunbaterako, azaroaren 30erako eta abenduaren 1erako, zehaztu dute hitzordua. Herriko gazteek haur, gazte eta helduen gozamenerako ekitaldiak antolatu dituzte. 

 

Ortziralea, azaroak 30

11:00etako mezarekin abiatuko dute eguna eta mezondoan luntx gozo-gozoa dastatzeko aukera izanen dute. Arratsaldean, berriz, hotzari aitzin hartzeko txokolate beroa eskainiko dute, herriko plazan. 

 

Larunbata, abenduak 1

Biharamunean ospakizunekin segiko dute. 11:30ean herriko ttikiendako ipuin-kontaketa izanen da. Ameli eta Xirrikituen jostunek kontalarien eskutik irudimenak martxan jartzeko aukera izanen dute.

Eguerdian mahaiaren bueltan bilduko dira, bazkaltzeko. Aitzineko urteetan ez bezala, aurten trinketean dute hitzordua, 14:00 aldera. Bazkalondoan, Hauspolariek taldearen musikak girotuko du herria. Nahi duenak besta luzatzeko aukera izanen du. 

 

Bazkari-txartelak

Bazkari-txartelak eskuratzeko azken eguna azaroaren 25a bazen ere, oraindik orain, joan nahi duenak badu aukerarik, bortz euro gehiago ordainduta (30 euroren truk). Interesdunek herriko gazteren batekin harremanetan jarriz eman dezakete izena.

 

Euskaraldiarekin bat

Aurten San Andres Eguneko ospakizunak badu ukitu berezi bat. Izan ere, herritar aunitzek Euskaraldiarekin bat egin du, Ahobizi edo Belarriprest gisa.Beraz, hilaren 23an hartutako Ahobizi eta Belarriprest rolei eutsiko diete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun