Ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen mintegia egiten ari dira Bertizen

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 4a, 12:00

Mintegian parte hartzen ari diren adituak, Bertizen.

Autonomia erkidego gehienetariko 27 adituk parte hartuko dute ortzegunean eta ortziralean 

Ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen mintegia egiten ari dira urriaren 4 eta 5ean Bertizko Jaurerria Natur Parkean. Bertan autonomia erkidego ezberdinetatik iritsitako 27 adituk parte hartuko dute. Topaketa Trantsisio Ekologikoko ministerioaren CENEAMek (Ingurumen-Hezkuntzarako Zentro Nazionalak) antolatu du. 

 

Mintegiaren baitan honako ekintzak izanen dira bertzeak bertze: Bertizko Jaurerria Natur Parkean erabilera publikoko kudeaketara bideratutako ekipamendu eta instalazioen nahiz ingurumen-hezkuntzara zuzendutako espazioen bisita; Portugaleko Tras-Os-Montes Unibertsitateko Margarida Correiraren hitzaldia, eta Tekieroverde Erasmus+ proiektuaren aurkezpena Alejandro Gallegoren eskutik. 

Gainera, taldean hainbat gai garrantzitsu landuko dituzte: ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen Espainiar sarearen sorrera eta ingurumen-hezkuntzako programek duten eraginaren gaineko ebaluazioa. Mintegia ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen bibliografiadun eskuliburua sortzeko proposamenarekin eta 2019ko topaketaren gaineko antolakuntza zehaztuz bukatuko da. 

Jardunaldi hau OAPN (Organismo Autónomo de Parques Naturales) eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolaketaren zuzendaritza nagusiak ezagutza, ahalmenak eta ingurumen kontzientzia bultzatzeko sinatutako protokoloaren baitan antolatu da. 

OAPN, CENEAM eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolaketaren arteko elkarlanerako esparruak aitzinera begira, mintegiak antolatuz jarraitzeko borondatea du, gainera CENEAMek antolatutako ikastaro eta erakusketak izanen dira Bertizko Jaurerria Natur Parkean, adibidez Natur Guneen interpretaziozko ibilbideen deskribapena ikastaroa eskaini zen ekainean. 

Orain eguten ari den mintegia 2004an burutu zen lehendabizikoz eta ordutik gaur egun arte, arlo honetan beraien lana garatzen duten adituak bildu izan dira urterik-urte. Mintegi honen helburu nagusienen artean zehazten dira autonomia erkidego ezberdinetako teknikarien artean ideia eta esperientzien trukaketa, eta Espainian ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen gainean ezarri daitezkeen kalitatezko kriterioak zehaztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun