Tomas Alcaine legasarrak eskatuta, Txirritak 14 bertso idatzi zituen Legasako orduko alkatea zen Eusebio Babazeren kontra, eta bertso-paperak 1915eko Doneztebeko bestetan saldu ziren, arrakasta haundiz. Tabernaren arabera, «bertsoen jomuga zen gizonak, sumindurik, auzitara eraman zituen Txirrita eta Alcaine». 1916ko azaroaren 6an egin zen epaiketa eta biak kondenatu egin zituzten.
Han eta hemen bila eta galdeka ibili bada ere, Tabernak ezin izan ditu jatorrizko euskarazko bertsoak aurkitu. Gaztelaniazko bertsioak eskura ditu, 1916ko azaroaren 6ko epai hartatik bilduak, eta horietatik abiatuta, Miren Ibarluzea bertsolari eta itzultzaileak euskarara ekarri ditu bertsoak.