«Larunbatean inauguratuko dugu moto zirkuitua»

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 20a, 10:44
Ivan Lopez, Narbarteko gaztea

IVAN LOPEZ Narbarteko gaztea

Berriozarren biziagatik, asteburuetan «gustuko gauzak egitera» herrira bueltatzen den narbartearra da Ivan
Lopez: «motoan ibili, lagunekin egon eta indarrak geldituz gero, besta egiteko» aukerarik ez du galtzen.

Bi gurpileko ibilgailuak eta motorra duen «edozer» du gustuko. Areago, «betidanik» gustatu izan zaio: «bizikletarekin hasi nintzen, gero mobileta, scooterra... Ongi portatu eta lan pixka bat egin ondotik, 50cc-ko mendiko motoa erosi nuen; gerora, bentetan lan egin eta endurokoa...». Lasterketetan «lagun baten bultzadaz» hasi zen, «herritik atera eta lagun gehiago egiteko asmoz», pausoa ematea erabaki zuen. Halere, joan den urtean izandako «istripu bat tarteko», azken aldian ez da aunitzik atera: «Basaburuko mendi xenda batean, sasi batean trabatu eta hanka jarri nuen, baina lurrik ez zegoen. Mendian beheiti, bueltaka, hogei metro beheitiago zegoen arbol gurutzatu baten kontra gelditu nintzen».

TXARRENARI ONENA

Lagunek «hiru ordu behar izan zituzten hortik ateratzeko, ez dut niregatik egindako guztia eskertzeko modurik. Neska-laguna ere beti ondoan izan dut». Kolpearen ondorioz «bizkarrezurra ukitu eta lunbarreko bertebretako apofisiak hautsi zitzaizkidan. Gibeleko derrame ttiki bat ere izan nuen, baina hori guttienekoa
zen».

Bajan pasatako lehendabiziko hilabetearen ondotik, «hobetu ahala, gogoa bueltatu» egin zitzaion eta denbora bazuela «aprobetxatuz» lagunen artean aunitzetan aipatu izan zuten «zirkuitu bat egiteko asmoa» berrartu zuen: «han eta hemen galdetuta, Javier Martikorenak bere lurrak utzi zizkidan». Baimenak eskatu eta Jose Antonio Arriada Zikitoren laguntzaz, proiektua aitzinera doa. Azken zertzeladak falta zaizkie, baina bestetarako prest izanen dute: «Larunbatean inauguratuko dugu, goizean lasterketa bat eta zikiro jatearekin borobilduz».

OGI GOGORRARI, HAGIN ZORROTZA

Horrekin batera, «plaza gehixeago betetzen » ere saiatuko dira: «herria maite dudalako, nire esku dagoena egiten saiatuko naiz». Lanean besta eskatuta, ahal duen guztian parte hartuko du: «igande arratsaldean herri-kiroletan parte hartzea niretako gogorra izaten da baina plaza betetzen dela eta bai herriko jendeari, bai eta ingurukoei aunitz gustatzen zaiela ikusita ere, geldiezina da».

Narbarteko bestek, zerbait badute, ahaleginaren fruitu izatea litzateke Ivan Lopezen ustez: «gazteon ardura izaten da dena prestatu eta behar bezala joatea». Bortz egunez «deiak, erosketak, dirua... kudeatu beharrak» urduritasun puntu bat sortzen dute, «baina gibeleko lana ezagututa, gehiago eskertzen da». Azken batean, «gaztetxo, guraso eta helduekin animo onean egoteko aukera» direla ikusita, «bai astelehen gogorrak baita egindako ahalegin guztiek ere merezi dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun