Javier Cigaren margo erakusketa zabalik izanen da Bertizen uztailaren 20tik abuztuaren 20ra

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 17a, 06:51

Cigaren margolanak ikusteko aukera izanen da hilabete honetan Bertizen.

‘Figurazioa eta esentzia’ ortzegunean inauguratuko da (17:00) eta ikusgai izanen da egunero

Kultur 2018 programazioaren baitan, arte plastikoak Bertizko Jaurerriko Jauregian finkatuko dira uztailaren 20tik abuztuaren 20ra bitartean, aunitzek handikeriarik eta zabarkeriarik gabeko pintura lasaiaren maisutzat jo duten Javier Ciga Echandi (Iruña, 1877-1960) margolari nafarraren obrari buruzko ‘Figurazioa eta esentzia’ erakusketarekin.  Inaugurazio ekitaldia uztailaren 19an, ortzegunean 17:00etan eginen dute.

 

Ordu horretan, erakusketako komisario eta Ciga Fundazioko presidentea den Pello Fernandez Oyareguirekin bisita gidatua eginen da. Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako kontseilaria eta Dori Lopez, Kulturako zuzendari nagusia izanen ditu lagun bisita horretan.

Egunero zabalik izanen da erakusketa, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Erakusketa doakoa da, baina ordaindu egin behar da lorategi historikora sartzeko.

 

Lau ardatz tematiko

Lau izanen dira erakusketa honen ardatz tematikoak: errealismo soziala, erretratua, paisaia eta pintura etnografikoa eta alegoriko-sinbolikoa. Amaren aldetik Baztango jatorria zuen Ciga margolaria estu-estu lotuta egon zen eskualde horrekin, maila pertsonalean nahiz piktorikoan.

Cigaren lanak erromantizismoan eta errealismoan ditu sustraiak; lehenengotik, herriarekiko eta hango jendearekiko maitasuna hartuko du, bere lanaren inspirazio-iturri bibiak, eta bigarrenetik, errealitatea islatzeko eta perfekziora iristeko obsesioa, akademizismotik harago. Zorroztasun teknikoa eta ongi ikasitako ofizioa ditu oinarri bere pinturak. Hortik, Pinturara (maiuskulaz) jotzen du: orekatua, barea, nabarmenkeriarik gabea, non ia genero eta teknika guztiak baliatu baitzituen maisutasun handi-handiz. Parisko egonalditik, erabilera berriak ekarri zituen Cigak, nahiz eta bere ideal estetikora lerrotu zen nahita, hots, perfekzio errealistara zein pinturaren balio handietara.

Deus baino gehiago, esentzien eta egien pintorea izan zen Ciga, bere garaiko arima eta gizartearen interpretatzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun