Martxoaren 24an, larunbatean 09:00etan, Zuhaitz Zaharren Lagunak elkarteko Oscar Schwendtner-ek ‘Zuhaitz zaharrak. Hauen garrantzia basoetan’ hitzaldia eskainiko du.
10:00etan, gaztainadiak eta hauen gaur egungo egoera eta etorkizuneko ikuspegiak izanen ditu hizpide Josefa Fernandez, Mendi Ingeniaria eta Galiziako Xuntako Oihan Ikerkuntza Zentroko Hobekuntza Genetiko eta Oihangintzako Departamentuko arduradunak.
11:15ean, Migel Mari Elosegi leitzarrak ‘Bertiz, okilen erresuma’ hitzaldia eskainiko du euskaraz. Nafarroako Gobernuko Inguru Naturaleko Zerbitzura atxikitutako biologoa da Elosegi.
Hidearen inaugurazioa
12:30ean Bertizko Natur Parkeko Hide-aren inaugurazioa eginen dute, Markategi inguruan. Hain zuzen, hegaztiak begiratzeko eraikina da, ingurumen hezitzaileen eta argazkilarien laguntzaz diseinatua eta 10.000 euroko inbertsioa eragin duena.
Aipatzekoa da goizean zehar, 10:30etik 13:30era Bertizko Jauregiko patioan haur eta bisitarientzat ekintzak eskainiko direla. Alde batetik, egur tornularitza tailerra izanen da. Teknika eta egur ezberdinak erabiliz egindako piezak erakutsiko dituzte. Bertze aldetik, txorien bazkatokien tailerra ere eginen dituzte.
Liburu aurkezpena igandean
Martxoaren 25ean, igandean 12:00etatik 13:00etara, Hasier Larretxea idazleak Basoko bideetan barrena bere azken liburua aurkeztuko du.
50 urte baino gehiagoz basoan lanean eta zuhaitzekin harremanean dabilen Patxi Larretxea aita aizkolariaren bizipenen bitartez, basoetako bizitzarekin zerikusia duten istorioen testigantza eman nahi du liburu honetan Hasier Larretxeak. «Ni poz-pozik nago liburutto honekin. Gainera, Zuri Negrínen ilustrazioak atal bakoitzaren hasmentan presente daude, bai eta Paola Lozanoren argazkiak ere. Izugarri politak dira, Baztan-Bidasoaldekoak batzuk, Nafarroako eta Huescako Piriniokoak bertzeak 16, orotara», aipatu digu Arraiozko idazleak.