Mozorro bestan murgilduko dira Narbarten otsailaren 7tik 10era

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 6a, 07:25

Asteazkenetik hasiko dira mozorrotzen Narbarten.

Larunbateko mozorro afarian mozorro originalenak sarituko dituzte

Narbarteko inauteriak ospatuko dituzte otsailaren 7tik 10era. Otsailaren 7an, asteazken arratsaldean, herriko ttikienak, mozorroak jantzita eta gurasoak lagun, baserriz baserri ibiliko dira. 

 

Biharamunean, Ortzegun Gizen egunean, eskola koloreztatzeko tenorea izanen dute. Eskolako ikasleak, ipuinetako pertsonaiak gai dituztela, herrian barna ibiliko dira. Ondotik, haur, guraso eta irakasleek Herriko Ostatuan bazkalduko dute. Bazkalondoan Orakundeko jokoez gozatzeko tenorea izanen dute. Bertzeak bertze, aulki jokoan jolastuko dira eta begiak tapatuta dituztela, oilarraren bila ibiliko dira. Ttikienek arratsaldeko mereduarekin borobilduko dute eguna.

Ortziralean, otsailaren 9an, gazteek hartuko dute lekukoa, mozorro afaria eginen dutelarik. Era berean, mozorro lehiaketa eginen dute. Maiordomoek, Itxaso Iriarte eta Youseffek, hiru mozorro originalenak aukeratzeko epaimahaia osatuko dute eta afalondoa DJ Endarak girotuko du. Aunitzek biharamunera arte luzatuko dute gaba.

Larunbatean, indarrak berriz hartzeko 10:00etan gosaria izanen dute. Bapo gosalduta, Itxaso eta Irati trikitilarien musikaren doinupean baserriz baserri ibiliko dira, iluntzera arte. Gauean helduek, etxez etxe ibiltzen ez direnek, afaria eginen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun