Hori eginik, urtarrilaren 24an, prozesuko bilerei ekin diete, Bertizeko jauregian. Parte-hartze prozesua Aste Santua baino lehen bukatuko da. Planak edateko uraren hornidura, saneamendua eta hondakin-uren arazketa du ardatz, ur-bilketatik hasi eta arazketa ondotik ibaira itzuli bitartekoa. Horrela, klima-aldaketaren aurkako bitarteko izatea lortu nahi da.
Lehendabiziko bilkura horretan, egungo egoera aurkeztu dute, ondoko datuak helaraziko direlarik: Bidasoan 2,2 hektometro kubiko eta Baztanen 1,67 kontsumitzen dira urtero. Horietatik %26,59 eta %15,03, hurrenez hurren, etxeko kontsumoari dagozkie; %10,25 eta %4,48 industriari; eta %60a erregistratu gabeko urei. Portzentai horiek guttitzeko bitartekoez eta etorkizuneko ur eskariaz, egungoarekin kontrastatuz, solastatu dira.
Arazketari dagokionez, hondakin-urak eta euri-urak bereizteko ahaleginak eginen dira. Horrela, arazketara doan ur kantitatea guttitzea eta beharrezkoak ez diren kostuak saihestea lortuko da. Hori horrela, 2019an eskualdeko tarifen azterketa bat eginen da, uraren goi- eta behe-hornidura erakundeen zerbitzuak aztertuz.