Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso negulekuak Legasan eginen dituzte aurten

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 10a, 12:00

2013an Zugarramurdin egin zuten bertso negulekua.

Abenduaren 27tik 29ra 11 eta 16 urteko gazteak bilduko dira, bi txandatan banatuta.

Bortzgarren urtez, bertso negulekuak antolatu ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak, herrialdeko bertso eskoletako gazteei zuzenduta. Eta aldi honetan, Legasan egin dute hitzordua. Abenduaren 27tik 29ra hor eginen dituzte aurtengo bertso negulekuak, bi txandatan banatuta. 11 eta 16 urteko gazteak egonen dira, Nafarroako gazteen bertso eskoletan ibiltzen direnak. Aipatzekoa da, Zugarramurdin egin zituztela lehenbiziko aldiz bertso udalekuak, 2013an. Eta geroztik, Ituren eta Zubietan, Astizen eta Beintza-Labaienen antolatu dituzte.

Bertso eskoletan dabiltzan gazteek elkar ezagutu eta sarea indartzea da bertso negulekuen helburua. Horretarako, saio bereziak, formakuntza saioak eta bertso jolasak eginen dituzte parte-hartzaileek.

Gaur egun, gaztetxoen 30 bertso eskola daude Nafarroako hainbat eskualdetan, eta 197 gazte ari dira horietan ikasten, eskola ordutik kanpo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun