Trafiko mozketak izanen dira urriaren 16tik hasita bi hilabetez Oieregiko tunelean

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 16a, 10:54

Auto-ilarak izan daitezkeenez, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak N-1etik joatea gomendatzen du, edo A-15etik ibilbide luzeak egiten dituztenentzat 

Oieregiko tunela egokitzeko lan batzuk direla eta, N-121-A errepidean trafiko- eta zirkulazio-mozketak eginen dira, urriaren 16tik aitzinera, bi hilabetez; ordezko bideak emanen dira. Hori dela-eta, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak beste bide batzuk erabiltzea gomendatzen du ibilbide luzeak egiten dituzten ibilgailuetarako. 

Trafiko-mozketen eta semaforo bidez araututako ordezko pasabidearen helburua Iruñera doan erreian galtzada libre uztea da, zenbait lan egiteko, bertzeak bertze likido toxikoak drainatzeko sistemak eta sute kontrako babesa hobetzea eta tunel barruko argien kableak eta konexioak aldatzea, horiek baitira, hain zuzen, Europako Zuzentarau batek ezarritako baldintzak.

Mariezcurrena eraikuntza-enpresak, 594.026,13 eurorekin esleitu zizkioten lanak gauzatu dituenak, semaforo bat jarriko du Irunera doan erreian bi noranzkoetan txandaka igarotzeko. Azken lan-astean errei hori libre utziko da eta kontrakoa itxiko da, tunelaren beste aldean lanak egiteko.

Mozketak egin eta ordezko bideak emateaz gain, 60 km/h-ko abiadura muga ezarriko da orokorrean, eta 40 km/h-koa lanak egiten diren lekuan.

Ilarak egon daitezkeenez, eta Sunbillako tunelean (N-121-Aren 50. kilometroan) lanak ere egiten ari direnez eta zirkulazioa semaforoen bidez erregulatuta dagoenez, ibilbide luzeak egiten dituzten ibilgailuei beste bide batzuk hartzea gomendatzen zaie, hala nola A-15 eta N-1.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun