Maria Solana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria eta Isabel Elizalde, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziokoa izan ziren ekitaldian. Lehenbizikoak erran zuenez, Baztan-Bidasoaldeko Lanbide Heziketa Zentro berria egiteko aztertu dituzten hiru kokalekuen artean Oronoz lehenetsi dute. Solanak aipatu zuenez, Nafarroako Gobernuaren lur-eremu batean eginen litzateke, baina gaur egun Artzapezpikutzari erabiltzen utzia diote eta honek, aldi berean, herritarrei utzia die baratzeak egiteko. Doneztebek ere, zerbitzu aldetik, aukera ona ematen duela onartu zuen, «baina lur-eremua altueran dago eta hagitz sarbide kaxkarra dauka”. Hirugarren aukera, Narbarte, deskonektatua dago eta zerbitzu guttiago dauka». Lanbide Heziketa zentro berria eraikitzeko 10 bat milioi euroko inbertsioa egitea espero du Gobernuak. «Erreferentzia zentroa izatea nahi dugu, eta orain arte Berako Toki Onak, Elizondoko Lanbide Eskolak eta Lekarozko institutuek egindako lana sendotzea».
2017-18 ikasturtean bi ziklo berri ezari dituzte Baztan-Bidasoaldeko LH eskaintzan, biak Elizondoko institutuan: erizaintzako zaintza auxiliarren ziklo ertaina eta turismo ostatuem kudeaketarako goi zikloa. Bertizen aurkeztutako planaren arabera, datozen hiru urteetan bertze bortz eskaintza berri ere izanen dira eskualdean, Agroekologia, Ingurumen hezkuntza, Merkataritza, Sukaldea eta ibilgailuen elektromekanika arlokoak.